Ibarrak irabazi du Laskorainen aurkako derbia, Belabietan

Ataria 2013ko otsailaren 19a

Hogei urtetako ibilbidean, estrainekoz, Laskorainek partida ofizial bat jokatu zuen Ibarrako Belabieta kiroldegian bisitari bezala. Elkarren aurka birritan besterik lehiatu ez diren arren, Tolosaldeako areto futboleko derbi guztien ama, ibartarren alde erori zen 2 -1eko emaitzarekin.

Laskoraingo taldea Joseba Gil kapitaina berreskuratuta iritsi zen lehiara, ezustea emateko prest. Hasierako minutuak horren adierazle izan ziren, ibartarrak ezustean harrapatu baitzituzten. Bi baloi galdu ostean, ordea, Ibarra aurreratu zen markagailuan: 2-0. Kolpeak kolpe, tolosarrek berean jarraitu zuten, eta atsedenaldia iritsi aurretik, aldea murriztea lortu zuten korner bati esker.

Aldageletatik bueltan jokoak zeharo orekatuta jarraitu zuen, bi taldeak nor baino nor eta puntuak dantzan, alde batetik bestera. Gezurra badirudi ere, markagailua ez zen gehiago mugituko.

Amaieran, laskoraindar jokalari eta zaletuak gutxien gutxienez berdinketa merezi izan zutenaren irudipen eta aldarrikapenarekin irten ziren Belabietatik, eta jokoa eta aukerak ikusita beharbada horixe izanen zen emaitzarik zuzenena, baina porrotak jada ez zuen erremediorik. Ibarrak garaipenarekin sailkapen nagusiko bigarren postuan jarraitzen du; Laskorainek zortzigarren.

Hurrengo jardunaldian eskualdeko bi talderen artean beste derbi bat jokatuko da. Kasu honetan, Ibarrak etxetik kanpo jokatu beharko du sailkapen nagusian bosgarren dagoen Tolosako Hirukide taldearen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!