Xabi Lopez, Inauterizalea
Xabi Lopezek (Ibarra, 1979) ez du hutsik egiten Tolosako inauterietan, eta asko disfrutatzen du. Egun berezienak hala ere, Ostegun Gizena eta Zaldunita dira berarentzat. Hala ere, onartu du aurtengoak ezberdinak izango direla semearen jaiotzagatik. Baina, hala ere, saiatuko da egunak aprobetxatu eta parrandaren bat egiten.
Ezkerritik hasi eta lehena da Xabi Lopez[/caption]
Nola bizitzen dituzu inauterien aurreko asteak?
Ostegun Gizena iristeko gogo handiarekin, eta inauteriak hasteko ilusioarekin. Azken unean mozorroa prestatu beharrak eta izaten dira baina...
Zer dira zuretzat Tolosako inauteriak?
Zalantzarik gabe egun oso handiak dira niretzat. Egun alaiak eta disfrutatzekoak. Lagun artean eta giro sanoan pasatzeko egunak dira.
Txarangazalea al zara?
Bai, txarangazalea naiz. Gainera, Tolosako inauterien ezaugarrietako bat dira, eta ezinbestekoak dira kalean musika eta giroa jartzeko.
Denbora asko ematen al duzu mozorroa prestatzen?
Ez batzuk hasten diren bezain azkar, baina hilabete falta denerako hasten gara mozorroaz hizketan kuadrillan. Nahiko erraz hartzen ditugu erabakiak gainera, baten batek ideiaren bat botatzen du eta horri tiraz borobiltzen dugu. Eta prestaketa lanekin hasteko garaia izaten da.
Mozorrotzen den hiru egunetan ateratzen zara?
Bai. Zaldunita egunean kuadrillakoekin ateratzen naiz, eta ez nuke kuadrillan atera gabe eguna ulertuko. Urtero-urtero elkarrekin mozorrotzen gara. Beste bi egunetan nire erara edo bikotearekin ateratzen naiz, eta jokoa emango duen mozorroa aukeratzen saiatzen naiz, baina ez naiz gehiegi ere saiatzen.
Zein mozorro gogoratzen duzu?
Duela pare bat urte koadrilakoak Gay Bear moduan mozorrotu ginen: beltzez, bandera eta zartagailuekin. Oso oroitzapen onak ditut. Eguerditik hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte oso ondo pasa genuen. Errepikatuko nukeen mozorroa izan da.
Egunero ateratzen zara?
Egun handienetan bai, esaterako ostirala eta larunbata gehienean atsedenerako erabili izan ditut.
Kanpotik etortzen direnek Tolosako inauteriak berdin bizitzen dituztela uste duzu?
Ez. Tolosarra izan behar dela uste dut, edota gutxienez ere eskualdekoa benetan barru barrutik bizitzeko. Tolosarrek oso modu berezian bizitzen dituzte, eta oso barneratuta dituzte.
Nolako gorputza duzu Hausterre egunean? Zer pentsatzen duzu esnatzerakoan?
Uste dut, urtero aurreko urtean izandako gorputza baino okerragoa izaten dudala [barreak]. Baina, hala ere, hurrengo urtean berdina egiten bukatzen dut. Merezi izan duelako izango da.