Inaxio Perurenak 300 kiloko harria jaso zuen atzo, Leitzako Amazabal pilotalekuan. 300 kilo jasotzearekin batera, 300 kilo kendu zituen gainetik, izan ere, aurreko bi saiakeretan ezin izan zuen harri bera bizkarrean berdindu. Hirugarrengoan bai, eta herritarren aurrean gainera.
Bost minutuko txanda zuen helburua lortzeko Inaxio Perurenak. Harriari heldu bezain pronto jarri zuen ordularia martxan epaileak, eta 17,80 segundo beranduago, bizkarrean zuen orekaturik. Harria jaitsi ondoren, anaia pozez zoratzen gainera jauzi zitzaion, baina epaileak hori ez egiteko esan zion, oraindik proba amaitzeko lau minutu gelditzen zirela eta. Sinestu ezinik zegoen Inaxio Perurena, bere barruan kabitzen ez zela. Bero bero eginda, bigarren saiakera bat egitea pentsatu zuen, eta horretan geratu zen, saiakeran. Helburua, ordea, lortuta zegoen.
300 ikusle inguru elkartu ziren atzokoan Amazabalen, leitzarrak gehienak. Horiez gain, herri kirol munduko aurpegi ezagun ugari ikus zitekeen harmailetan, harri jasotzaileari babesa emanaz. Guztiek gogotik egin zuten txalo Perurenak harria jaso zuenean.
Bost minutuko txanda amaitzean, mikrofonoa hartu zuen eguneko protagonistak, ikusleengana zuzentzeko hitz hunkigarri hauekin: «Lehenik eta behin eskerrak denoi. Hemen zaudeten asko eta asko, nire entrenamendu guztiak jarraitzen aritu zarete, eta animoak ematen. Aurreko ahalegin txarra egin zenean, ez da deus pasatzen, eta animoak eman zenizkidaten. Lehendabiziko saiakeran harria jaso dudanean ez nuen sinesten; eta bigarren aldiz altxatzen zuengatik saiatu naiz, baina burura aurreko saiakerak etorri zaizkit eta hor geratu da. Oraindik ez dut sinesten. Eskerrik asko, eta jakin ezazue denok entrenatzen segiko dudala; beste paliza bat hartuko dudala, eta ea beste zerbait egiten dugun agudo xamar. Eskerrik asko».
Inaxio Perurenaren hitzei txalo zaparradarekin erantzun zien ikusleek. Atseden hartzeko tarte handirik gabe, kazetarien galderak erantzuten hasi zen Perurena. Jasoaldia berriro ikusteko aukera ere izan zuen, eta harria oker xamar jaso zuela esan zuen.
Leitzako Udalaren laguntzarekin, Saralegi anaiek antolatutako harri jasotzaile jaialdiak aurrera jarraitu zuen, Josetxo Urrutia leitzarra eta Joseba Esnaola berrobitarra bertan zirelarik.
Historiari dagokionez, 300 kiloko harria lau harri jasotzailek bakarrik jaso dute. Iñaki Perurenak 1987an, Mieltxo Saralegik 1991n, Gibitegik 1993an eta Inaxio Perurenak 2013an.