316.000 euroko aurrekontua du Aresoko Udalak 2013 urterako. Nabarmentzekoa da «egoera ekonomikoak behartuta, eta diru laguntzen desagerpenen ondorioz» ia ez dela inbertsiorik izango.
Bada, aurrekontuaren zati handiena ohiko gastuetara bideratuko da, hala nola, pertsonal gastuak eta ongizate eta gizarte zerbitzuetara bideratutakoak.
Aurten egitekoak diren bi inbertsio aurreikusten ditu udalak. Batetik, Merkuko bidean 2011. urtean izandako euriteen ondorioz eragindako erorketak konpondu asmoz harri-lubetak egingo dituzte. Bestetik, Ibiurtik Aresoraino oinezkoentzako bidea egokitu asmo dute, Plazaola natur bidearekin lotura egon dadin. Udalak %70eko diru laguntza jasoko du azken lan hauek egiteko.
Bi inbertsio horiez gain, udalak ez du bestelakorik aurreikusten. Hori bai, herriaren sarreran egin asmo dituen etxebizitzen proiektua aurrera aterako balitz, eta horrela diru sarrerak handituko balira, bestelako inbertsioak egiteko aukera aztertuko luketela adierazi du Ur Algero Aresoko alkateak. Kasu horretan, lehentasuna izango lukete udaletxe gaineko solairua moldatzeko eta ondarea berreskuratzeko lanek. Zergei dagokienez, aurten ez dute igoerarik izango.
Bestalde, herriaren sarrerako etxebizitza proiektua tramitazioan dago une honetan. Nafarroako Gobernuaren onespena behar du behin betiko onartua izan dadin, eta guztia aurreikusi bezala joanez gero, uda inguruan hasiko lirateke etxebizitzak eraikitzeko obrekin.