Leitzako Erleta eskola[/caption]
Leitzako Udalak 2.414.070 euroko aurrekontua izango du 2013 urterako. Pasa den urteko aurrekontua baino murritzagoa da, eta inbertsio nagusiak hezkuntzan egingo dira. Aurrekontu hauek Bilduren 9 zinegotziren aldeko botoekin eta oposizioko alderdien kontrako bi botorekin onartu dituzte.
Oier Eizmendi Leitzako alkateak adierazi duenez, «nabarmen jeitsi da aurrekontua iaz bi obra handi zeudelako aurreikusita». Egingo diren inbertsio nagusiei dagokienez, Haur Eskolan 70.000 euroko inbertsioa egiteko asmoa dago, leihoak eta ateak aldatzeko eta laugarren unitatea egokitzeko. «Nafarroako Gobernuaren aldetik jasotzen den finantziazioaren arabera egin ahal izango dira obra horiek», azaldu du Leitzako alkateak.
Erleta eskolako azken solairuko obrak bukatzeko ere aurreikusita dago 20.000 euroko inbertsioa, baina kasu honetan ere, obra hauen jarraipena Nafarroako Gobernutik jasotzen duten diru laguntzaren menpe dago.
Bestalde, Añalde inguruan 52.000 euroko inbertsioa egingo dute urbanizazio lanetarako, mendiko garbiketetarako 30.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute, eta baserrietako seinaleztapena egiteko 8.000 euro. Iberon, berriz, 5.600 euroko inbertsioa aurreikusten dute. Indusketa eta inbestigazio lanak egin nahi dituzte, bertako elementu baliotsuak aztertzeko asmotan. Ixkibarko guardetxean ere 5.000 euroko inbertsioa egingo dute, bertan turismoa bultzatzeko helburuz egiten ari diren lanketari jarraipena emateko.
Eragileekin konpromisoa
Oier Eizmendik adierazi duenez, lehentasuna gastu orokorra mantentzeaz haratago herriko eragileekiko konpromisoa mantentzea izan da. «Herriak eragile asko ditu eta askotan ez dute gastuei aurre egiteko adina sarrerarik izaten; horregatik, gure eginbeharra dela uste dugu ahal dugun neurrian beraiei laguntzea». Iaz, 42.000 euroko diru laguntza eman zitzaien, eta aurtengorako 48.200 euro gorde dituzte eragileentzat, «beti ere udalaren aurre ikuspenean dauden diru sarrerak betetzen badira».
Hala, atalez atal, hezkuntzara 487.184 euro bideratuko dituzte, finantza gastuetara 30.050 euro, euskara, kultura eta festetara 313.200 euro, hirigintzara 144.700 euro, Plazaola partzuergora eta Cederna garalurrera 56.930 euro, mendira 113.524 euro, finantza pasiboetara 212.854 euro, ongizatea eta kirolera 312.179 euro, herrilanetara 169.068 euro, eta soldatak eta aseguruak bezalako udalaren gastuetara 574.381 euro.
Zergei dagokienez, gehienek ez dute igoerarik izango, eta igoera izango dutenen artean urarena legoke, gehikuntza «txiki» batekin.