Eskualdeko ikastetxeak inauterietarako mozorroak prestatzen ari dira

Tolosaldeko Ataria 2013ko ots. 6a, 06:08

Tolosaldeko ikastetxeek urtero- urtero bat egiten dute inauteriekin, eta batez ere Ostegun Gizenarekin. Aurtengo hitzordurako orduak falta diren honetan, mozorroak ongi prestatuak dituzte.

Anoetako herri ikastolakoak izango dira goiztiarrenak, gaur egingo baitute inauteri jaialdia. Urtero gai bat hartzen dute ardatz, eta aurtengorako, Biodibertsitatea aukeratu dute. HHkoek Ipar poloa irudikatuko dute; LHkoek, Basamortua, Indiar erreserba eta Afrikako sabana, eta DBHko ikasleek, Euskal Herriko basoak eta itsasoa.

Amasa-Villabonako eta Ibarrako ikasleak Ostegun Gizenean irtengo dira kalera. Uzturpe ikastolan goizean jaialdia egingo dute, eta ondoren plazara jaitsiko dira. Eguraldi txarra egingo balu, Belabieta kiroldegian geldituko dira. Herritar guztiei festan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete, 11:15ean plazan hitzordua jarriz. Amasa-Villabonan berrikuntza txaranga izango da, eta arratsaldeko jaialdia bukatu ostean, herrian barrena ibiliko da inauteri doinuak zabalduz. Jaialdian herriko bi ikastetxeetako haurrek hartuko dute parte.

Asteasura eta Zizurkilera inauteriak ostiralean iritsiko dira. Herriko hiru ikastetxeek bat egingo dute Zizurkilen, elkarrekin Ostiral Mehea ospatzeko. Asteasun, aldiz, egitarau oparoa antolatu dute. Asteasuarrak, anoetarren antzera, gai baten inguruan mozorrotuko dira, ondorioz, Asteasuko inauterien ardatza Tolosako Diana izango da, hori baita aurten mozorrotzeko aukeratu duten gaia. Hala eta guztiz ere, pijamaz, musikariz, baserritarrez edo libre janzteko aukera dagoela zehaztu dute Asteasutik.

Bost herri hauetako ikastetxeez gain, Tolosakoekin batera, beste hainbat herritako ikasleek ere inauteriak ospatuko dituzte Ostegun Gizenean.

 

Egitarauak

Anoeta

Gaur, otsailak 6

19:00. Inauteri jaialdia kiroldegian. Emanaldian zehar saski eder bat zozketatuko da.

Amasa-Villabona

Bihar, otsailak 7

15:00. Villabonako ikastetxeetako haurrek prestatutako emanaldia Errebote plazan. Eguraldi txarra egiten baldin badu, Olaederra kiroldegian.

Ondoren. Herrian barrena kalejiran ibiliko dira, Iraunkorrak txarangaren doinuekin dantzan.

17:00. Dr. Dolittle 3 filma euskaraz, Gurea aretoan. Sarrera doakoa izango da.

Asteasu

Etzi, otsailak 8

15:15. Ikastolatik herrira jaitsiko dira, haurrekin batera.

16:30. Merendola.

17:00. Kalejira herriko kaleetatik barrena. Diana dantza eta txarangaren laguntzaz.

Ondoren. Zezen suzkoa.

Ibarra

Bihar, otsailak 7

09:00-10:30. Uzturpe ikastolan ikasleen jaialdia.

10:45. Mozorrotu ondoren, jai giroan eta musikarien doinuekin plazara jaitsiko dira.

11:30. Bi urteko ikasleekin elkartu ondoren, plazan, txistorra banatuko dute.

Zizurkil

Etzi, otsailak 8

15:00. Jesusen Bihotza, Pedro Mari Otaño eta San Millan ikastetxeetako haurren desfilea.

Ondoren. Emanaldia egingo dute plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Pedro Mari Otaño ikastetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!