Nazabal eta Zubiaga gailendu dira Urrezko Aizkorako finalaurreko joaneko saioan, Jon Rekondo leitzarra eta Iñaki Azurmendi beasaindarraren aurka. Etxarri Aranazkoak eta Araiakoak erraz irabazi zuten herenegun Leitzan jokatu zuten saioa, argi utziz finalerako bikote faboritoa direla.
Lehen proban, 45 ontzako enborra Rekondok eta Azurmendik ebaki zuten kolpe gutxiagorekin, baina, bigarrengoan, bi 45 ontzako erlojuz kontra ebakitzen Nazabal eta Zubiaga gailendu ziren. Hirugarren lanean, bikote bakoitzak kana-erdiko bat ebaki behar zuen zutik jarrita, eta lan hori egiten azkarrenak leitzarra eta beasaindarra izan ziren.
Laugarren lanean, abiadura proban, Nazabal eta Zubiaga izan ziren bizkorrenak. Dena den, sailkapen orokorrean Rekondok eta Azurmendik jarraitzen zuten. Hurrengo proban, ordea, Nazabal eta Zubiaga zortzi segundoko aldearekin aurreratu ziren, eta azken proban alde hori areagotzea lortu zuten. Lan guztia amaitzeko 22 minutu eta 34 segundu behar izan zituzten Nazabalek eta Zubiagak eta Rekondok eta Azurmendik 24 minutu eta 24 segundo.
Finalerdietako joaneko bi saioak jokatu dira, beraz. Lehenengoan, Otaegik eta Otañok irabazi zuten, eta bigarrenean, herenegungoan, Nazabalek eta Zubiagak. Bi bikote horiek dira finalerako faborito nagusiak.