Hondakin organikoak kudatzeko beste modu bat

Ataria 2013ko otsailaren 1a

Orendainen, Euskal Herriko lehen zero zabor herrian, birziklatze sistema berriarekin batera ‘Ttip’ eta ‘Ttup’ txerrien laguntza dute hondakin organikoa kudeatzeko. Herritarrak gustura daude, eta emaitza ere ona da.

'Ttip' eta 'Ttup' hondakin organikoa jaten.[/caption]

Orendain Erdi txantxetan ateratako ideia izan zen hastapenean. Hondakin organikoak nola kudeatu eztabaidatzen zebiltzala, Orendaingo udal arduradunek honako galdera hau egin zioten euren buruari: «Herrian nola egin izan dute betidanik?». Erantzuna berehala etorri zen: hondakin organikoak txerrietara botata. Horrela erabaki zuten Ttip eta Ttup txerri emeak herriko birziklapen prozesuaren zati osagarri bilakatzea. Herritar bakoitzak bere etxean konpostagailua du, eta eraikitako etxebizitza berrietarako konpostagailu komunitarioa jarri dute. Eltxo elkartean eta herriko ostatuan, ordea, hondakin organiko asko sortzen dira, eta hondakin horiek dira bi txerrien eguneroko bazka. Bestalde, organikoen larrialdi gune modura ere erabiltzen dute Ttip eta Ttup-en harraska. Noizbait etxe batean gonbidatuak badaude, eta ohi baino hondakin gehiago sortu badira konpostagailuan sartzeko, txerrien harraskara jotzeko aukera dute biztanleek.Azkenik, baserrietako animalia hilen gorpuak bertara botatzeko ere erabiltzen dituzte; haien tripa, hesteak eta lumak asko eskertzen dituzte txerriek. «Organikoaren kudeaketak sor diezazkigukeen arazoak konpontzeko bidea ematen digute txerriek», azaldu du Gorka Egia alkateak. Normalean, egitekoa modu eraginkorrean betetzen badu ere txerri bikoteak, harraskaren ondoan beste konpostagailu bat dute, eguneko otordua atsegin ez dutenerako. Hondakinak txerriei ematea horren aspaldiko kontua ez dela gogoratu du Egiak. Izan ere, orain dela gutxi arte, baserritarra tabernara esnearekin joaten zenean, bueltan tabernako soberakinak eramaten zituen txerrientzat. Herriko hondakinen kudeaketarako konponbide praktikoa izateaz gain, txerriek beste ondorio baikor batzuk ekarri dituzte. «Herrian oso maitatuak dira Ttip eta Ttup».

Adineko jendea txerriak egoten diren belazearen inguruan biltzen dira, eta txerria izaten dute mintzagai. Eskolaurreko umeek ere, eguraldiak laguntzen duenean behintzat, txerriei hondakin organikoa emateaz arduratzen dira.

Zero zaborretik gertu

Azaroaren erdialdean hasi ziren sistema #berri hori erabiltzen, eta lehen kalkuluen arabera, zaborraren %93 inguru birziklatzea lortu dute. «Euskal Herrian zero zaborrera iristeko gertuen dagoen herria da», azaldu dute Jon Ander Galarragak eta Adur Camposek, Spora Ingurumen Zerbitzuetako langileek. Tolosaldeko konpostagailuak ezartzeaz eta azterketak egiteaz arduratzen dira. Emaitza ikusita, beste herrietan jakin-mina piztu du orendaindarren birziklatze sistemak, eta askok jo dute informazio eske. Elduainen ere antzeko sistema erabiltzen hasi dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!