Zabor mankomunitateak ‘Ez bota, konpostatu!’ kanpaina jarri du martxan

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 31a, 07:15

Tolosaldeko Zabor Mankomunitateak Ez bota, konpostatu! kanpaina jarri du abian. Txerri jana bezala ezagutzen den hondakin organikoari irtenbidea ematea du helburu kanpaina honek, mankomunitateko herri guztietan. Hondakin organikoa edo txerri jana birziklatzeko, etxeko konpostajea edo auzo konpostajea bultzatuko dute Ez bota, konpostatu! izeneko ekimenarekin.

Kanpaina honek hiru ardatz nagusi dituela azaldu dute mankomunitatetik: «Orain arte banatutako konpostagailu guztien jarraipena egingo da; mankomunitate mailan konpostajeak duen potentzialtasun maila aztertuko da, eta hainbat herrietan materia organikoa konpostajearen bidez kudeatzeko sistema ezarriko da».

Konpostagailua jarri eta birziklatzen hasi aurretik, prestakuntza eta beharrezko materiala lortu behar dira. Mankomunitatetik azaldu dutenez, hori euren lana izango da, hau da, bai ikastaroak ematea eta baita konpostagailua jartzeko materiala herritarren artean banatzea; «pentsa, sortzen dugun hondakinen %40, gutxi gora behera, materia organikoa da; erraz konpostatu daitezkeen sukaldeko edo lorategiko soberakinak hain zuzen ere», gaineratu dute.

Konpostajearen prozesuan soberakin organikoak baliabide bihurtzen dira: konpostan. Ez bota, konpostatu! ekimenarekin bat eginez gero, bildu, garraiatu eta zabortegian lurperatu beharreko hondakin kopurua gutxitu egingo dela azaldu dute mankomunitatetik. Horrez gain, zera zehaztu dute: «Prozesu honi esker konposta lortu ahal izango da, hau da, balkoi, lorategi edo baratzeko landareentzako kalitate handiko ongarria».

Parte hartu nahi duten herritarrek konpostatu.tolosaldea.org webgunean sartu behar dute, Konposta egin nahi duzu? atalean izena emateko. Mankomunitatetik esan dutenez, «epe laburrean jarriko gara izena eman duten herritarrekin harremanetan. Formakuntza ikastaro baten bitartez, konpostagailua muntatzen eta prozesua martxan jartzen erakutsiko dugu. Erraza, erosoa eta garbia dela agerian geldituko da».

Zizurkilen, udala bitartekari

Zizurkilgo Udalak Zero Zabor eredua bultzatzeko konpromisoa hartu du, eta horretarako, autokonpostaje kanpaina jarri du martxan: «Udalak bakoitzak bere konposta egitea proposatzen du, gero etxean erabili ahal izateko». Helburu hori gauzatzeko, Zizurkilgo Udalak ikastaroak antolatuko ditu, konposta nola egin erakusteko. «Bertan, konposta zer den, nola egiten den eta nola erabiltzen den erakutsiko da», esan dute udaletik. Ikastaroak 1,5 orduko iraupena du, eta teorikoa izango da. Parte hartzaile bakoitzari konpostagailu bat emango zaio, beti ere, udaletik azaldu duten bezala, baldintza batzuen trukean: «Alde batetik, konpostagailua erabiltzea, hau da, erabiltzen ez duenak itzuli egin beharko du beste batek erabil dezan; eta bestetik, udaleko teknikariak konpostagailua dagoen tokia bisitatzeko baimena edukiko du, gehienbat prozesua kontrolatzeko edo laginak hartu ahal izateko».

Autokonpostajea egiten duten familiek %25eko hobaria izango dute hondakinen tasetan, izan ere, «etxean konpostatzen duten herritarren hondakin organikoa ez du udalak bilduko, ezta tratatuko ere».

Ikastaroan izena eman nahi duten herritarrek udaletxera joan, edo 943 69 10 12 telefono zenbakira deitu behar dute. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, e-mailez ere badute izena emateko aukera, birziklatuz@zizurkil.com helbidera idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!