Kaldereroen gerizpean, jai giroa zabalduko da hainbat herritara

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 30a, 06:19

Eskualdeko kaldererorik ospetsuenak Tolosakoak baldin badira ere, zartagina eta mailua eskuetan dituztela, pixkanaka-pixkanaka eskualdean zabaltzen ari dira. Anoetan, Ibarran, Iruran eta Zizurkilen ostiralean irtengo dira kalera, herrian barrena kalejiran euren poza zabaltzeko asmoz.

Iruran eta Anoetan, dena prestatzeko, azken entseguak gaur egingo dituzte. Iruran jaia Loatzo Musika Eskolak eta udalak antolatzen dute, eta herritarrei parte hartzeko mozorroturik agertzeko eskatu diete. Entseguari dagokionez, musika eskolan elkartuko dira 18:30ean, eta zarata ateratzeko ohiko tresneria norberak eramatea eskatu dute. Anoetan, prestaketa lanetan herri ikastola, udala eta Loatzo dabiltza, Txolarre Irratiaren babesarekin. Entsegua Mikelasagasti auditorioan egingo dute, 18:30ean. Antolatzaileek azaldu dutenez, entseguan HH3tik aurrerako umeek edukiko dute parte hartzeko aukera. Egunean bertan, aldiz, txikienek ere izango dute kaldereroz mozorroturik jaiarekin bat egiteko parada, hori bai, gurasoak ondoan dituztela.

Tolosan, Urdiña Txiki elkartearen eskutik iritsiko dira kaldereroak. Esker oneko hitzak izan dituzte Ondarzabal, Migel Angel Moreno, Enrike Arostegi eta Tolosako herriarentzat, urte guzti hauetan jaia aurrera ateratzen egin duten ekarpenagatik. Aurtengoan ere, guztiak gonbidatu dituzte larunbateko festara, guztien artean inauteriei ongietorria ematera.

Kontzertuak

Kaldereroetako ohiko kalejirez gain, Sanblaspiko eta Ibarrako gazte asanbladek kontzertuak antolatu dituzte larunbaterako, elkarlanean. Arratsaldean, bi talde ariko dira Tolosako Otsabi gaztetxean, eta iluntzean, 22:00etatik aurrera, Ibarrako gaztetxeak hartuko du erreleboa. Bertan, hiru talderen musika entzuteko aukera izango da.

Egitarauak

Anoeta

Otsailak 1, ostirala

18:00. Anoetako plazan elkartuko dira, euria egingo balu, frontoian.

Ondoren. Loatzoko txarangak alaiturik kalejira egingo dute. Amaieran, txistorra opilak banatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.

Ibarra

Otsailak 1, ostirala

18:15. Herriko plazan elkartuko dira.

Ondoren. Herrian barrena itzulia egingo dute. Ibilbidea: Ibarrako plaza, Argindegi, Anbulatorioa, Euskal Herria kalea, Idoiaga eta San Inazio auzoa, berriro ere San Bartolome plazara itzuli aurretik.

Otsailak 2, larunbata

22:00. Gaztetxean kontzertuak: Erasoka, Mad Skins eta Friday Crew.

Irura

Otsailak 1, ostirala

18:00. Kulturunean elkartuko dira.

Ondoren. Kalejiran abiatuko dira herrian barrena. Amaitzeko, merienda egingo dute. Antolatzaileek parte hartzeko

mozorrotu egin behar dela esan dute.

Tolosa

Otsailak 2, larunbata

Arratsaldean. Otsabin gaztetxean kontzertuak: Broken Faces eta Brutal Calling.

18:45. Plaza Zaharrean elkartuko dira konpartsako kide guztiak, eta herrian barrena eurekin ibiliko diren herritarrak.

19:00. Pregoia irakurri ondoren, kalejiran abiatuko dira.

Zerkausia eta Korreo Kalea zeharkatu ondoren, Gorriti plazaraino joango dira. Kale Nagusirako bidea hartu ondoren, Plaza Zaharrean amaituko dute itzulia.

Zizurkil

Otsailak 1, ostirala

15:00. Pedro Mari Otaño ikastetxeko ikasleak, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak, herrian barrena kalejira egingo dute. Ondoren, Aurrera plazan amaitzeko.

16:15. Aurrera Plazan merienda egongo da parte hartzaileentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!