Joan dira kolorez, umorez eta zoramenez beteriko egunak. Eguneroko kezkak, betebeharrak eta arazoak albo batera uztea eta alaitasunez kutsatzea ahalbidetzen duten jaiek agur esan dute. Azken lau egunetan ederki gozatu ostean, beste urtebete itxaron beharko dute leitzarrek hurrengo ihoteak heldu bitarte.
Bada, azken eguna izan arren, bazen atzokoan ere zer ikusi Leitzan. Erasote auzoan eginiko eskearekin ekin zioten egunari. Aurrekoetan bezala, etxez etxe aritu ziren alaitasuna zabalduz, eta ordainetan jatekoa eta edatekoa jasoz. Gaztetxoek jolaseaz aritzeko aukera izan zuten puzgarrietan egun osoan, eta bazkaltzeko garaian Aurreran elkartu ziren herritarrak.
Arratsalderako hitzordurik esanguratsuenetako bat geratzen zen: atsaureen kalejira. Inork ez ezagutzeko moduan, eta izua zabalduz egin zuten agerraldia larruz edo zakuz jantzitako eta adarrez, buztanez edo lumez hornituriko pertsonaiek, soinu artean. Herriak berreskuratu nahi duen eta pixkanaka areagotzen ari den tradizioa.