Migel Mari Elosegi da ordezkari bakarra Bertso Txapelketan

Ataria 2013ko urtarrilaren 30a

Migel Mari Elosegi 'Luze'[/caption]

Larunbat honetan hasiko da Lizarran Nafarroako 41. Bertsolari Txapelketa, eta martxoaren 23an amaituko da Iruñean. Inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izango du, 31 bertsolarirekin, eta horietatik bakarra leitzarra, Migel Mari Elosegi Luze.

Txapelketak bederatzi saio izango ditu, eta bertsolari guztiak lehen fasetik abiatuko dira, iazko txapelduna, Julio Soto, izan ezik. 2011. urtetik Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin egiten da. Azken finala Iruñean egin zen, Labrit pilotalekuan. Arrakasta handia izan zuen final horrek, pilotalekua goraino bete zen eta hainbat egun lehenagotik sarrera guztiak saldu egin ziren. Aurten finala berriro ere Iruñean jokatuko da, baina kasu honetan Anaitasuna kiroldegian.

Horrez gain, kontuan hartu behar da aurten ez dela bakarrik Nafarroako txapela jokoan dagoena. Izan ere, txapelketako lehen lau sailkatuek udazkenean izango den Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela eskuratuko dute.

Aurtengo Txapelketaren leloak Nafarroako bertsolaritzaren izaera jaso nahi izan du. «Txapelketa, lehiaz harago, oro har sare sozial gisa irudikatzen dugu», adierazi dute antolatzaileek. «Bertsolariek, gai-jartzaileek, epaileek, antolaketa lanetan laguntzen dutenek, bertso-eskoletako kideek, bertsozaleek eta beste askok osatzen dute sare hori. Kultura ere horrela ulertzen dugu, giza harremanetan eta auzolanean oinarritzen den sare gisa».

Migel Mari Elosegi Luze leitzarrak 7 aldiz parte hartu du Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Aurtengorako ere gogotsu dagoela azaldu du: «Ongi pasatzera, disfrutatzera noa, eta gogoz nago». Hori bai, Leitzako bertsolari gazteek ere parte hartzea gustatuko litzaiokeela onartu du: «Bertso eskolan badira gazteak, baina ez dira ausartzen txapelketan parte hartzera».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!