Inauterietan balkoiak ikurrinaz apaintzeko deia egin dute

Ataria 2013ko urtarrilaren 29a

Inauterietako ohiturei eutsi eta balkoiak apaintzeko deia eginez, koloretako oihalez gain, datozen inauterietan ikurrinak ere balkoi eta leihoetan jartzeko aldarria egin dute hainbat tolosarrek. Honekin batera, Espainiako bandera jartzeko agindua «inposaketa» dela salatu dute, pasa den larunbatean Trianguloa plazan egindako elkarretaratzean: «Herriko balkoi guztiak ikurrinaz bete behar ditugu, ikurrina geure delako, denon askatasuna delako eta menpekotasuna gainditzeko bidea delako».

Bide honetan, bandera espainiarra udaletxeetan jartzearen aginduarekin «Euskal Herria desagerrarazi nahi dutela» nabarmendu dute, horren aurrean «nortasun ikurren defentsa burutzea euskal herritarrei» dagokiela azalduz.

Halaber, banderaren auziak bi ondorio nagusi dakartzala diote, herritarrek: «Batetik, murrizketak, zein asimilazio politiko, ideologiko eta soziala inposatzen ditu». Gainera, agerraldian, banderaren bitartez, «Euskal Herriaren izatea eta erabakitzeko eskubidea ere ukatu» egiten direla salatu dute.

«Herri harresia» eraikitzeaz

Espainiako bandera jartzeko aginduaren aurrean, bi jarrera har daitezkeela azaldu dute herritarrek: «bandera jartzea edo ez jartzea». Eta honen harira, duela 28 urte Tolosan bertan piztu zen banderen gerra gogora ekarri nahi izan dute.

«Tolosako Udalak bandera ez jartzea erabaki zuen orduan, eta zinegotziak zigortu zituzten; banderen gerra hasi zen», azaldu dute. Euren ustez, ordea, egungo egoera are okerragoa da, izan ere, «PP alderdiaren estrategia alkateak gaitasungabetzea eta legez kanpo uztea» dela diote.

Honen guztiaren aurrean, beraz, «herria mobilizatu eta aktibatu» nahi dute, «herri harresi» bat sortzeko. Inauterietan, beraz, ikurrinak jartzeko deiarekin hasi nahi dute herria pizten.

Amezketan herri batzarra

Amezketan ere, pasa den astean egin zuten, bandera espainiarraren inguruko lehen herri batzarra: «Parte-hartze zabala izan dugu».

Arduradunek, auzi honek herritarrei interesa piztu diela azpimarratu dute, eta euren iritziak jaso dituzte: bandera non eta nola jarri, besteak beste.

Bihar izango da hurrengo batzarra,19:00etan, kutur etxeko areto nagusian, eta zehaztasun gehiago adostuko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!