Eskualdeko hainbat ikastetxeek kultur asteak edo jardunaldiak antolatu dituzte egunotan. Amasa-Villabonako Fleming ikastetxeak, Ibarrako Uzturpe ikastolak eta Tolosako Hirukide ikastetxeak, esaterako.
Idoia Sanchez ipuin kontalaria, atzo, Gurea aretoko erakusketa gelan
Amasa-Villabonako Fleming eskolak astelehenean ekin zion, kultur asteari. Joxe Amiama psikopedagogoaren hitzaldia izan zuten, guraso elkarteak antolatuta. «Hitzaldi bikaina eman zuen. Familia eta eskola harremanak eta onurak gaia landuz», adierazi dute antolatzaileek. «Mezua oso garbia eta zuzena izan da, guztion ardura bada ere, familien baitan dago batez ere seme-alaben heziketa. Guztiz ezinbestekoa da eskola eta familien arteko elkarlana», nabarmendu dute. Hori abiapuntu hartuta, Joxe Amiamak datu, pista eta jorratu beharreko ibilbideak azaldu zizkien bertaratuei.
Atzo, txikienek Idoia Sanchez ipuin kontalariarekin gozatu ahal izan zuten, Gurea aretoko erakusketa gelan. Gaurkorako, hitzaldiaz gain euskal jolasak prestatu dituzte. Igandea bitartean, beste hainbat ekitaldi antolatuak dituzte Fleming Guraso Elkarteko kideek.
Ibarrako Uzturpe ikastolak ostiralean emango dio hasiera XIII. Kultur Asteari. Alurr dantza taldearen emanaldia izango da Belabieta kiroldegian. 20:30ean hasiko da, eta taldeko haurrek eta gazteek Iturriak dakarrena ikuskizuna aurkeztuko dute. Errota taldea prestatzen ari den ikuskizun berriko hainbat dantza ikusi ahal izango dira. Errota 12 eta 13 urteko gaztez osaturiko taldea da.
Larunbatean, berriz, Uzturpe ikastolako festa izango da. Puzgarriak izango dira, eta arropa eta taloak salduko dituzte, 18:00etatik aurrera. Hurrengo astean, berriz, besteak beste, gurasoei zuzendutako hitzaldiak izango dira, Benito Izagirre Kultur Etxean.
Bere aldetik, Tolosako Hirukide ikastetxeak Giza Eskubideen Astea antolatu du. Mahai ingurua eta hitzaldia antolatu dituzte, eta aste osoan, Tolosako Trianguloa plazan, postontzi erraldoia jarriko dute. Bi galdera luzatu dituzte, eta edozein herritarrek utzi ditzazke bere proposamenak. Jarraian, herri ordezkariei helaraziko dizkiete.
Wurko herriaren alde, korrika
Amasa-Villabonako Jesusen Bihotza ikastolako DBH 4. mailako ikasleek eta Gorputz Hezkuntzako irakasleak, Xabier Salillas korrikalari urtrafondistarekin batera egingo dute. Lasterka egiteko helburu berbera izango dute, hau da, Angel Olaran aita zuriak Etiopiako Wukro herrian duen misioetako lana ezagutzera eman eta laguntza ekonomikoa eskaintzea.
Ikastolak euro bat emango du ikasle korrikalari bakoitzeko. Norberak ekarpen gehiago egin nahiko balu, ongi etorria izango dela adierazi dute ikastolakoek. Honez gain, zozketarako txartelak erosteko aukera izango da 50 zentimoren truke. Kirolari ospetsuek emandako elastikoak zozkatuko dituzte. Sagastialdeko pistan instalatuta dagoen karpan eros daitezke txartelak.
Aste honetan zazpi egunez arituko da korrikalari hernaniarra Sagastialdeko atletismo pistan korrika. Egunean 100 kilometro egiteko asmoa du, eta bildutako dirua Hernani Wukrorekin GKEarentzat izango da. Egunero goizeko 08:00etan hasi eta 22:00ak arte ariko da. Larunbatean eta igandean festa izango da bertan, azken kilometroetan laguntzeko.
Ikastolatik, herritar guztiei dei egiten diete, astean zehar bakoitzak nahi duenean Hernaniko atletismo pistara joan daitezen. Bakarka ala taldeka Salillasekin korri egiteko aukera izango da, edo besterik gabe animatzera joan daiteke. Bestetik, norbaitek diru laguntzaren bat eman nahiko balu edo zozketarako txartela erosi, Jesusen Bihotza ikastolako idazkaritzan egin dezake.
Euskal Herriko pertsona ezagun askok eta askok hartuko dutela parte egitasmo solidario honetan adierazi dute.
Egitarauak
Fleming (Villabona)
Urtarrilak 23, gaur. 17:00etan, ordubetez, 5-6 urteko haurrentzat euskal jolasak izango dira Malkar plazan (eguraldi txarra eginez gero, Berdura plazan). 18:00etan, Conocernos y acercarnos en la diversidad hitzaldia izango da, Gureako erakusketa gelan.
Urtarrilak 24, osteguna. Gure herriko aiton-amonak nola ibiltzen ziren? saioan, bisita jasoko dute erretirodunen elkartetik. 17:00etan, Aizkardi ttonttorrez ttonttor argazki muntaia, Aljibean. 18:00etan, Katramila antzezlana, Gurea aretoan.
Urtarrilak 25, ostirala. 17:00etan, haur danborrada, Arroako eskoletatik. 19:00etan, buruhandiak eta erraldoiak, Errebote plazan. 20:30ean, bokata jatea, Berdura plazan. Beharzana eta Irrintzi elkarteen eskutik.
Urtarrilak 26, larunbata. 10:00etatik aurrera, Gure herriko pilota eta errebotea, Bearzana elkartea eta Eskola kirolaren eskutik. Frontoi berrian eta plazan izango dira. 16:00etan, patinaia lasterketa eta 16:45ean, ginkana egingo dituzte. Irteera Kale Berrian izango da. 17:30ean, txokolote jatea egingo dute, Altzin plazan.
Urtarrilak 27, igandea. 10:00etan, Arroako eskolatik Txuri urdinera irteera egingo dute.
Uzturpe (Ibarra)
Urtarrilak 25, ostirala. 20:30ean, Alurr dantza taldearen Iturriak dakarrena ikuskizunaren emanaldia izango da, Belabieta kiroldegian.
Urtarrilak 26, larunbata. Uzturpe ikastolako festa izango da. 15:00etatik 18:00etara, puzgarriak egongo dira, Belabietan. 18:00etan, Uzturpe ikastolaren aldeko arropa eta talo salmenta egingo dute.
Urtarrilak 27, igandea. Mendi irteera, eta Alegiara ogiaren museoa ikustera joango dira, 10:00etan, Ibarrako plazatik abiatuta.
Urtarrilak 28, astelehena. 11:30ean, ikasleei zuzendutako mahai ingurua etorkin euskaldunekin.
Urtarrilak 29, asteartea. 18:00etan, Haurren jolasa: helduen begirada eta lekua hitzaldia, Albaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoaren eskutik, kultur etxean. 0-6 urteko haurren gurasoei zuzendua.
Urtarrilak 30, asteazkena. 18:00etan, Sare sozialak eta adingabeak hitzaldia izango da Iratxe Esnaola informatika ingeniariaren eskutik, kultur etxean. LH eta DBHko gurasoei zuzendua.
Urtarrilak 31, osteguna. Ateak zabalik eguna izango da, Emeterio Arrese eraikinean. 2 urteko haurren gurasoei zuzendua. 17:00etan euskaraz eta 18:30ean, gazteleraz.
Hirukide (Tolosa)
Urtarrilak 23, gaur. Bigarren Hezkuntzarako proiektua aurkezteko bilera egingo dute. 18:00etan izango da, San Blas auzoa 27an duten egoitzan.
Urtarrilak 24, osteguna. 16:00etan, Hezkuntza Proiektuaren aurkezpena egingo dute, 2-3 urtekoak (2010 edo 2011an jaiotakoak). San Frantzisko, 12 helbideko egoitzan izango da. - Hirukide Haur eta Lehen Hezkuntza.
Urtarrilak 29, asteartea. 19:00etan, Realidad social de la crisis. Giza eskubideak eta krisia mahai ingurua izango da, herritar guztiei zuzendua. Hirukide eskolako areto nagusian izango da, eta Koldo Casla, Arartekoaren gabinete zuzendaria, Pako Garmendia soziologoa eta Deustuko irakaslea eta Caritaseko ordezkaria izango dira hizlariak.
Urtarrilak 30, asteazkena. Ate irekiak egingo dute 17:15etik 19:00ak arte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) sartzeko ikasleentzat.
Urtarrilak 31, osteguna. 18:00etan, La otra cara de la crisi. Jarrera baikorra eragozpenen aurrean hitzaldia izango da, Hirukide eskolako areto nagusian. Hizlaria, Jose Antonio Gonzalez psikologoa eta adimen emozionalean aditua izango da.
Aste osoan. Postontzi erraldoia jarriko dute Trianguloa plazan. Bi galdera jarri dituzte edozein herritarrek bere proposamenak botatzeko: zer egin dezakegu krisiaren aurrean? eta zer eskatuko zenieke agintariei? dira erantzun beharreko galderak.