Hemen dira lehendabiziko ihoteak

Ataria 2013ko urtarrilaren 23a

Astearte iote egunean iaz egindako atsaureen kalejirako une bat.

Festarik dibertigarri eta zoroenak ate joka dira. Tolosaldean eta Leitzaldean inauteriak ospatzen lehen herriak Leitza eta Lizartza dira, eta ondoren etorriko dira gainerakoak, Tolosakoak guztien buru direlarik. Lizartzan larunbat honetan garai bateko pasadizoa oroituz egin ohi duten antzerkia izango da, eta datorren asteburuan izango dute jarraipena festek. Leitzan, berriz, ihoteak larunbatean hasi eta asteartera bitarte iraungo dute.

Herri kutsuko festa zirenak, hiri festa bilakatuz joan dira, baina, azken urteetan, kultur taldearen lanari esker, lehengo ihoteei eusteko ahalegina egin da. Horren erakusle da 2007. urtetik astearte arratsaldean izaten den atsaureen kalejira indartzeko egindako lana. Aurten ere, antolatzaileek bide beretik jarraitu, eta herritar oro animatu dute atsauretzera: «Urtetik urtera geroz eta jende gehiago atsauretzen da, iaz esaterako, jende ugari irten zen kalejiran, eta oso polita izaten da, horregatik herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera». Aurtengoan, gainera, berrikuntza bezala, herritarrek osatu duten txaranga talde batek lagunduko du kalejira.

Soinean eramateko jantziekin ezezik, etxeetako kanpoaldeak apaintzeko arropekin ere egin dute deialdia, herritar guztiak balkoiak koloreztatzera animatuz.

Eskean, herrian eta auzoetan

Herri kutsuko inauterietan izan ohi den moduan, Leitzakoetan ere, eskean aritzea izaten da egitarauan nabarmentzen den ekitaldietako bat. Lehenengo egunean, hau da, larunbatean, herrian bertan ariko dira eskean, eta azken bi egunetan, kanpoaldeko auzoetako etxeetara egingo dute bisita eskelariek.

Gainerakoan, adin guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira, Juan Mari Barriola Leitzako Udaleko kultura zinegotziak azaldu duenez: «Adin guztiak ordezkatuak izan daitezen saiatzen gara; dena den, ihoteek ez dute adinik izaten, txikienetik hasi eta zaharrenera guztiak mozorrotu daitezke eta antzerkitxoa egin».

Aurrekontu xumearekin —7.580 euro— eta pasa den urtekoarekin alderatuz murrizketa txiki batekin prestaturiko ihoteak dira aurtengoak. Hori bai, festa hauetan ederki pasatzeko ez da askorik behar Leitzako kultur batzordetik gehitu dutenez: «bakoitzak barruan duen sormenari eta antzezleari bide eman, eta festa giroan eta lagun artean gozatu».

 

EGITARAUA

Urtarrilak 26, larunbata

14:00. Bazkaria, Aurrera elkartean.

16:00. Herriko auzoetako eskea.

Urtarrilak 27, Zaldun-iote

12:00. Industrialdetik gurdiak aterako dira, eta plazatik kalejira Incansables txarangarekin.

12:00-14:00. Txu-txu trena ibiliko da herrian barrena.

14:30. Bazkaria eskolako jangelan, Incansables txarangakoen doinuek alaiturik.

16:00-18:00. Txu-txu trena ibiliko da herrian barrena .

19:00. Bertso saioa zinean.

19:00-23:00. Orkesta gizona plazan.

Urtarrilak 28, Astelehen-iote

09:00. Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu auzoetan eskea.

17:00. Umeen kalejira, musikaz alaiturik.

Ondoren. Txokolatea plazan, eta goxokiak ere banatuko dituzte.

19:00-23:00. Orkesta gizona plazan.

Urtarrilak 29, Astearte-iote

09:30. Erasote auzoko eskea.

11:00-13:00. Puzgarriak eta jokuak frontoian.

14:00. Aurrerako bazkideen bazkaria.

16:00-18:00. Puzgarriak eta jokuak frontoian.

18:30. Atsaureen kalejira, herriko musika bandak lagundurik.

19:30. Dantzadi musika taldea plazan.

23:30. Dantzadi musika taldea plazan.

 

Behar bezala atsauretzeko kontuan hartu beharrekoak

Atsauretzeko nahikoa da arpegia tapatzea edo pintatzea, eta gorputza soineko, maindire edo arropa zaharrekin estaltzea, inork ez ezagutzeko moduan. Era bereziago batean egin nahi izanez gero, hona hemen azalpena:

Buruan, zapia, txanoa, lasto txanoa, tuturra lisoa luma eta paperekin, behi edo ahari adarrak... Arpegia margotu edo maskara edo zapi zuri batekin estali. Gorputz osoa hartuko duen soinekoa, sotana edo txilaba modukoa jantzi. Gerria zabaldu daiteke edo bularraldea handitu, eta zakua eta larrua ere erabili daitezke. Eskuak margotu edo eskularruekin tapatu daitezke. Osagarriak: maskuria, luma buztana, abere buztana edo eskoba motza, sardea, eskuarea, makilak edota zintzarriak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!