Bengoetxea VI.ak eta Beroizek Lehen Mailako Binakako Pilota Txapelketan areriorik gabe jarraitzen dute. Xalak eta Barriolak osaturiko bikotearen aurka jokatu zuten herenegun, eta lapurtarra eta leitzarra 16-15 irabazten ari zirenean partida bertan behera utzi beharra izan zuten Xalaren lesioa tarteko. Bada, azkenean, Bengoetxea eta Beroizentzat izan zen garaipena.
Herenegun jokatu zen txapelketako beste partidari dagokionez, egungo txapeldunek, Titin III.ak eta Merino II.ak, beren hirugarren puntua lortu zuten, Arretxe II.a eta Begino 22-18 mendean hartuta, Logroñoko Adarraga frontoian.
Bestalde, Xalak utzitako hutsunea Jon Jaunarenak beteko du. Hurrengo ostiralean Berasaluze VIII.a eta Albisuren aurka jokatzekoa zuen partida Hendaian, baina ezker izterrean duen zaintiratuaren ondorioz ezin izango du jokatu. Beraz, Banakako Txapelketetan laguntzaile izaten duen Abel Barriolarekin batera ariko da Jon Jaunarena. Iaz bigarren mailako txapelketa nagusi guzti-guztiak irabazi zituen pilotari leitzarrak.