Jon Rekondo leitzarra ere finalaurrekoetarako sailkatu da

Ataria 2013ko urtarrilaren 22a

Binakako Eusko Label Aizkolari Txapelketako azken kanporaketa jokatu zuten herenegun Doneztebeko (Nafarroa) pilotalekuan. Kanporaketaren ostean, eskualdeko beste aizkolari batek lortu du finalaurrekoetarako txartela, Jon Rekondok. Orotara, beraz, hiru dira finalaurrekoetan ariko direnak, Otaegi zizurkildarrak eta Otaño ibartarrak osaturiko bikoteak taldeko lehen postuan zirenez lortua baitzuten txapelketan lehiatzen jarraitzeko txartela.

Jon Rekondok Iñaki Azurmendi beasaindarrarekin osatu zuen herenegungo saioan bikoa, Ander Erasun lesionaturik baitago. B taldeko Jose Mari Olasagasti igeldoarra eta Donato Larretxea berarraren aurka jokatu zuten, eta 18:40ko denborarekin lehenak izan ziren. Aizkolari beteranoek, berriz, 19:29ko denbora behar izan zuten euren lana bukatzeko. B taldeko bigarren postuan sailkatuta, beraz, aurrera egingo dute Rekondok eta Azurmendik.

Beste multzoari dagokionez, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza dira aurrera egingo dutenak, Azpilikueta eta Senosiain mendean hartu eta gero. Multzo honetako Nazabal eta Zubiaga finalaurrekoetarako sailkatuak zeuden.

Lehen finalaurrekoa hurrengo igandean, hilaren 27an jokatuko dute. Otaegik eta Otañok Atutxa eta Mugertzaren aurka egingo dute, Iraetan, 17:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!