Etxeberriaren epaiketa «bidegabea» dela salatu du ezker abertzaleak

Ataria 2013ko urtarrilaren 17a

2011ko apirilaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak Lander Etxeberria billabonatarra, eta gaur igaroko da epailearen aurretik. Ezker abertzaleak Etxeberriarena bezalako kasuak «guztiz bidegabeak» direla salatu du, eta «epaiketa politikoak» bertan behera utzi behar direla adierazi du,  «gure herriaren konponbidearen aurka baitatoz». Era berean, ezker abertzaleak babesa eta elkartasun osoa agertu die billabonatarrari eta bere senide zein lagunei, eta berarekin batera epaituko dituzten Igor eta Aitor Esnaola Legorretarrei.

Ezker abertzaleak adierazi duenez, «errepresioaren errezetak amaitu behar dira, eta gatazkaren konponbidean asko dugu egiteko». Hala, iragan larunbatean euskal presoen aldeko manifestazioak bide orria zein den erakutsi zuela eta «mobilizazio kolosal» horrek erantzuna izan beharko lukeela esan du.

Euskal Gazteriaren alde eta sarekaden aurka eleak larunbat honetarako Donostian deitutako manifestazioarekin bat egin duela dio ezker abertzaleak. «Gazteen aurkako sarekadaren salaketa egiteaz gain, gazteen lan politikoa beharrezko eta ezinbesteko den heinean euren aurkako erasoak erantzungo ditugu eta gure elkartasuna agertu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!