Udaberrian etorri daitekeenaren beldur

Rebeka Calvo Gonzalez 2013ko urtarrilaren 17a

Pasa den urtea gogorra izan zen Gipuzkoako erlezainentzat. Liztor asiarrak gogor jo zituen bazterrak, ugaritu egin da, eta erleak erruz akabatu ditu. Erlauntzak Elduainen dituen Luis Nazabal etorkizuna beltz ikusten du

Liztor asiarrak edo vespa velutinak erleak hiltzen ditu, horregatik gelditu ohi dira azken hauek barruan, atera gabe.

Liztor asiarra edo vespa velutina hibernatzen egongo da orain, baina askok ez dituzte ahaztu intsektu honek 2012an eragin dituen kalteak. Azken bi urteetan ikaragarri ugaldu da liztor honen kopurua, Gipuzkoan ikaragarri zabaldu da, baita Tolosaldean ere. Liztor asiarra erle hiltzailea da, erlea erdibitu egiten du; hankekin heldu, eta aurreko bi pintzekin zatitzen du, gero kumeei emateko. Luis Nazabal Elduaingo Simon Nazabalen semea da. Simonek sari ugari irabazi izan ditu mila lore eztiarekin, eta orain, adina dela eta, pixkana semeari pasa dio lekukoa. Elduainen 6 erlauntza dituzte eta bi gune berri ere egin dituzte, baina liztorrek bat izorratu diete. «Horrelakoa da ofizio hau, besteekin jarraitu behar», dio Nazabalek.

«Erlauntzara sartzen da»

«Liztorrak normalean erlauntza aurrean jartzen dira geldi-geldi, helikoptero baten moduan, eta ateratzen diren erleak akabatzen dituzte. Noski besteak ez dira ateratzen. Udazken aldean erleak beraien lana egin dutelako eta eguraldiarengatik-eta ez dira ateratzen, barruan geratzen dira, eta orduan liztorra barrura sartzen da, eta orduan eragiten ditu txikizioak», azaldu du erlezainak. Ez da hau, hala ere, liztorrak eragiten duen kalte bakarra, izan ere, erleak beldurrez erlauntzaren barruan geratzen dira eta bertan jatekoa duten bitartean arazorik ez, baina «beldurrez ez badira inoiz ateratzen azkenean gosez hilko dira». Nazabalek ere vespa velutina azken bi urteetan azaldu dela dio, baina iaz nabaritu zutela gehienbat. «Batez ere, maiatzetik aurrera ugaritu zen erruz. Udaran nabaritu genuen gehien, eta aurten zer gertatuko den ez dakit, baina horrela jarraituz gero, nik etorkizuna beltz ikusten dut. Ezkor nago».

Harrapagailuak

Elduaingo baserrian, Gipuzkoako Erlezainen Elkartetik aholkatutakoa egin dute; harrapagailuak jarri. «Betiko harrapagailuak jartzen ditugu; plastikozko botila jartzen dugu barruan ardo zuria, zerbeza eta ziropa duela, nahasturik. Eta liztorrak harrapagailura joaten dira, baina ziropak tximeletak ere erakartzen dituela konturatuta nago, asko joaten dira. Horregatik ziropa gabe egiten ere saiatu naiz, liztorrak harrapatzen ditu, baina zenbateraino harrapatzen dituen.. hori da kontua, asko dagoela», azaldu du. Nazabalen ustez udaberri hasieran hasi behar da lanean, orduan aukera bikaina baitago liztor kopurua txikitzeko. «Udaberrian saiatu behar gara. Garai horretan aterako da erregina, habia egiten ariko da, eta orduan harrapatzen bada, hobe. Udaberri hasieran jarri behar gara lanean. Orduan hiltzen baditugu kaltea txikiagoa izango da».

Feromona bat

Harrapagailuena, antza denez, ez da nahikoa, liztor asiarraren kopurua oso altua delako, batetik, eta bestetik, Nazabalek esan moduan, beste intsektu batzuk ere erakarri ahal dituelako, hori dela eta feromona batekin ari dira lanean. «Adituak liztorra bakarrik erakartzen duen feromona bat bilatzen ari dira, eta bitartean harrapagailuekin jarraitzen dugu. Baina feromona hori lortzen ez den bitartean, liztorra bakarrik erakarriko duen zerbait bilatzen ez badugu, jai dugu», esan du erlezainak. Bestelako deirik ere egiten du Nazabalek, bere iritziz gizartea arazoaz jabetu behar baita, jendeari liztorren arazoa erlezainen arazoa bakarrik dela iruditzen zaio, baina arazoa guztiona dela uste du. «Nafarroan erruz dago, baita Gipuzkoan ere, baina Nafarroan asko, eta badirudi gure arazoa bakarrik dela, eta beste inor ez da mugitzen ari, baina etorkizun beltza dugu zerbait egiten ez badugu. Denek dakigu erleek naturan betetzen duten papera oso garrantzitsua dela, baina inor ez da mugitzen, arazoa zabaltzen ez bada, behintzat. Jende gehiagok hartu beharko luke parte guzti honetan. Hemen feromonarena aztertzen ari dira, baina Frantzian ere badute arazoa, eta ez dakit zenbateraino egongo diren aurreratuta... 10 urtetan asko zabalduko ote den esaten dute adituek. Liztor asiarraren hedapena oso azkarra da». Udaberria segituan iritsiko da eta erle inguruetan bakarrik ez, gozoa dagoen tokira joango da liztor asiarra, mahastiak bezala, eta baita, nola ez, loreetara, horregatik udaletxeetara ere dei egin die Nazabalek: «Nik ez dakit zer egin behar den, baina erlezain bakoitzaren esku uztea bakarrik ez behintzat, ez dakit, udaletxeei parte eman eta beraiek ere zerbait egin beharko lukete? Guztion arazoa da behintzat. Udaberrian lorea dagoen tokian erlea egongo da eta erlea badago liztorra ere bai».

Liztor asiarra 2005. urtean sartu zen Europara, ustez Bordeleko portutik 

Vespa velutinak Asian du jatorria, Gipuzkoako Erlezainen Elkartearen arabera, Txina, Indiako iparraldea, Indotxina eta Indonesia artean. 2005. urtean aurkitu zuten Europan lehen aldiz, Akitanian, hain justu. Uste da Bordeleko portutik sartu zela Txinatik etorritako edukiontzi batean. Geroztik Frantzian hedatu zen lehenengo, eta orain bi urte Euskal Herrian dago, Tolosaldera ere iritsi delarik. 30 milimetro ingurukoak dira, baina erreginak handiagoak izan daitezke. Kolore ia erabat beltza dute eta sabelaldeko segmentuen tarteak horiak. Sabelaldeko laugarren zatia hori-laranja eta hanken muturra ere laranja kolorekoa dituzte. Burua eta bularraldea ere beltzak dituzte eta aurpegia laranja. Ez nahastu bertakoa den vespa crabro europar liztorrarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!