Tolosatik hiru autobus atera ziren.
Anoetatik autobusean joandakoek ateratako argazkia
Euskal presoen eskubideen alde Bilbon larunbatean egindako manifestaziora jende ugari joan zen Tolosaldetik zein Leitzaldetik. Tolosaldeko Herrira mugimendutik azaldu dutenez, «eskualde mailan parte hartzea ikaragarria izan da eta horregatik zoriondu egin nahi ditugu bertan parte hartu zuten herritarrak. Gero eta gehiago gara eta aurrera begira ere lanean jarraituko dugu euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko bidean gero eta gehiago izan gaitezen».
Mobilizazio handi horren ondoren, Herrira-k dei egin die bai Bilbon izan zirenei bai eta bertan izan gabe ere euskal presoen eskubideen alde dagoen oro antolatzen diren ekimenetan parte hartzera. «Bereziki hileko azken ostiraletan Tolosaldeko herri gehienetan burutzen diren elkarretaratzeetan» parte hartzeko eskatu du Herrira-k.
Tolosaldetik 22 autobus joan ziren Bilbora eta Leitzaldetik beste hiru autobus joan ziren. Bestalde, autobusetan lekurik ez zegoela eta, hainbat pertsona autoetan joan ziren manifestazioan parte hartzeko.
Herrira mugimenduak azaldu duenez, «giza uholde erraldoi batek Bilbo hartu zuen presoen eskubideen eta konponbidearen alde Euskal Herrian sekula egindako mobilizaziorik handiena osatuz. Bertan, euskal geografia osotik etorritako lagunak eta Madril, Katalunia, Kurdistan, Kolonbia edo Uruguaytik etorritako pertsonak izan ziren».
Denbora luzean gogoan izango den mobilizazioa eta irudia izan zela Bilbon, gaineratu du Herrira-k. «Sentsibilitate eta ideologia askotariko lagunak bildu ziren indarrean dagoen espetxe politikaren amaiera eskatu, giza eskubide guztien errespetua aldarrikatu eta bakea eta konponbidean aurrera urratsak eskatzeko», esan du.
Herrira-ren ustez, «euskal jendartearen gehiengo zabal baten nahia irudikatu du mobilizazioaren argazkiak, presoen afera berriro ere lehen lerroan kokatuz. Frantzia eta Espainiako Gobernuek erantzun positiboa eskaini beharko liokete euskal jendartearen gehiengoaren nahiari».
Azkenik, Herrira mugimenduaren iritziz, «indar metaketa, jendartearen aktibazioa eta gero eta sektore gehiago eta desberdinen arteko elkarlanak, Bilbon islatutako errealiatea indartzen eta garatzen jarraitu beharko dute».