Egaña, Lujanbio, Maia, Arzallus, Elortza eta Martin ekarriko ditu Txolarrek

Tolosaldeko Ataria 2013ko urt. 11a, 05:55

Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Amets Arzallus, Igor Elortza eta Alaia Martin Txolarre Irratiaren bertso jaialdian egongo dira urtarrilaren 19an, larunbatean. Azken urteetan, ohitura bilakatu da eskualdeko irratiaren jaialdia, eta aurtengoa, laugarren edizioa izango da. Oholtza gainera zazpi bertsolari igoko dira, nahiz eta hauetako bat, Amaia Agirre, gai jartzaile lanetan ariko den. Lehen hiru edizioetan, billabonatarra euskarazko irratiaren ondoan izan da, jaialdia antolatzeko lanetan eta gaiak jartzerako unean. Aurtengoan ere, falta ezin zitekeen osagaia zen, beraz, Amaia Agirre.

Bertso jaialdia antolatzerako garaian, Txolarrek, Tolosako Udalaren laguntza izan du.

Sarrerak 10 eurotan izango dira salgai, bai behintzat aldez aurretik eskuratuz gero. Egunean bertan, Tolosako Leidorreko leihatilan jarriko dituzte soberan gelditzen direnak, eta hauek 12 eurotan salduko dituzte.

Hamabi urteko ibilbidea

Txolarre Irratiak lehen zuzeneko emankizuna egin zuenetik hamabi urte bete ziren joan den abenduaren 26an. Ordutik gaurdaino, etenik gabe jardun du euskaraz eskualdearen berri ematen. Euskarazko hedabideena bidegurutze eta zailtasunez beteriko bidezidorra dela ongi dakite Txolarre Irratiko kideek,  baina egin beharreko bidea dela aldarrikatzen dute harrotasunez, «Tolosaldeak euskara hutsezko irratia merezi eta behar duelako».

Ahalegin horretan beste bultzada bat izango da urtarrilaren 19an Tolosako Leidor antzokian egingo den  bertso saioa. Irratiak eskualdean duen babesaren erakustaldia.

Txolarretik, eskualde guztiko herritarrak eurekin bat egitera eta bertso saioaz gozatzera gonbidatu dituzte: «Bertan egongo diren bertsolarien maila ikusirik, saio mundiala izango delako».

Bertso jaialdia

Noiz: Urtarrilak 19, larunbata, 18:00etan.

Non: Tolosako Leidor Antzokia.

Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Amets Arzallus, Igor Elortza eta Alaia Martin.

Gai jartzailea: Amaia Agirre.

Sarrerak: Tolosan, Raku, Orbela, Kantabriko eta Denak tabernetan; Ibarran, Zubiaurre tabernan; Anoetan, Buztina tabernan; Villabonan, Amasa kafetegian; Zizurkilen, Iriarte jatetxean; Alegian, Izkina tabernan; Berastegin, Urepele elkartean eta egunean bertan, Leidorreko leihatilean.

Salneurria: Aldez aurretik 10 euro, eta egunean bertan, 12 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!