Azken aldian, gaixotasunaren aurka borrokan ibili arren, ez zuen alderdikideekin egoteko aukerarik alferrik galtzen. Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, adibidez, Iñigo Urkulluren Tolosako hitzaldian egon zen. Bertan, Joxe Gurrutxagarekin hitz gutxi batzuk gurutzatzeko aukera izan zuen. Biak Tolosako udaletxetik ezagun zaharrak ziren. Gurrutxaga alkate zen garaian, Ezkiaga oposizioan zegoen, eta hika-mika bat baina gehiago izan zituzten elkarren artean; EAJren kide batek gogoratzen duen bezala: «bi ahari». Politika munduko hika-mika horiek, ordea, Gurrutxagak berak onartzen duen bezala, 90. hamarkada hartan gelditu ziren.
Patxi Ezkiaga Ormazabal oso abertzalea zela diote alderdikideek, eta abertzaleen arteko batasunaren defendatzailea: «Horrez gain, demokrazia garaian Tolosako EAJren oinarria izan da, udaletxean egon garenean lan handia eginaz».
Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko kideak oso maitea zuen Patxi Ezkiaga, bere laguntzaile nagusienetakoa izan zelarik tolosarra. Aurten, GBBko presidente hautatu ondoren, Egibarrek hitzaldian bere ondoan egondako lagunen aitortza egin zuen, eta batez ere, Ezkiaga aipatu zuen, 1987tik zuzendaritzan kide izan zuelako.
Urte haietan, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta gizarte ekintzako zuzendaria izan zen. 90.urtean utzi zuen ardura, buru belarri GBBn aritzeko. Urtebetera, Tolosako zinegotzi aukeratu zuten.
Ibilbide honetan Joseba Egibar alboan izan zuen Ezkiagak, eta Egibarrek, 2003an Lizartzan alkate kargua hartu zuenean, Ezkiaga ondoan izan zuen, zinegotzi moduan. Urte hauetan, Tailsa, Tolosaldeko Apattaerreka Industria Lurra SAren kudeatzailea izan zen.
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak, Tailsako arduradun zela, 2006an egin zion elkarrizketa. Bertan, eskualdeko ekonomiaren inguruko kezka agertzen zuen, bere aldeko apustua biderkatu behar zela aldarrikatuz. Apatta industrialdeak sorrerako urte haietan izan zuen erantzunarekin harro agertzen zen Patxi Ezkiaga, eta zabalkuntza bidean, lanean jarraitu beharra zegoela aldarrikatzen zuen.
Ibilbide politikoa
1987-1990. Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta gizarte ekintzako zuzendaria.
1987-2000 eta 2004-2011. EAJko Gipuzko Buru Batzarreko kidea.
1991-1999. Tolosako EAJren zinegotzia.
2003-2007. Lizartzako EAJren zinegotzia.
2000ko hamarkadan, hainbat urtetan. Tailsa, Tolosaldeko Apattaerreka Industria Lurra SA-ko kudeatzailea.
Erreakzioak
Jokin Azkue, alderdikidea
«Galera oso nabarmena izan da. Tolosako EAJn zutoin garrantzitsuenetakoa zen azken urteotan, baita lurralde mailan ere. Tolosako Udalari begira, oso garrantzitsua izan da bere ekarpena. Kasu askotan, gure iparra izan da, udalaren ezagutza teknikoan eta eguneroko jardunean, eta baita ildo politikoari dagokionean ere».
«Oso-oso abertzalea zen, eta bere nahien barruan, abertzale guztien batzea zegoen. Hau oso garbi zuen, eta aurrera ateratzeko bidea hori zela uste zuen. Horren alde borroka asko egin zuen, eta baita sufritu ere».
«Azken urteotan gertatutakoa, eta ETAren su etenaren ondorioz sortutako giroa, ilusio handiz bizi izan zuen. Denok ematen ari ginen urratsekin, eta denborak ekarriko zuenarekin, oso ilusionatuta zegoen».
«Batzokian batzarrak egiten genituenean, amaitu eta gero, kontu-kontari aritzen ginen. Era guztietako kontuak ateratzen ziren, eta garai bateko istorioak-eta hizpide izaten zituen berak. Alderdi kideen arteko garai bateko gauza bitxiak kontatzeko ohitura zuen, eta horrekin pozik ibiltzen ginen».
Begoña Tolosa, alderdikidea
«Espero izan arren, etortzea nahi ez duzun albistea izan da jaso duguna».
«Tolosako abertzaletasunaren munduan, erreferentzia izan da, eta ez Batzokiaren barruan bakarrik. Demokrazia hasi zenez geroztik, orain arte, hala izan da guretzat».
«Zintzoa, prestua eta fina zen, eta hitzeko gizona. Euskaldun zintzoa zen».
Antton Izagirre, Ezker abertzaleko kidea
«Azken urte hauetan, EAJk eskualdean izan duen erreferenterik publikoena izan da. Alderdi gizona izan da, eta EAJren egiturei lotua ezagutu dugu urte hauetan guztietan».
«Eztabaidetan eta bere ideien defentsan, oso zorrotza eta zuzena, eta bere lerro politikoaren defendatzaile irmoa zen. Gizaki politikoa izan dela esango nuke. Izan ditugun desberdintasun guztien gainetik, nire begirunea adierazi nahi dut. Une zail hauetan, jaso beza bere sendiak eta EAJko sendi politikoak, gure saminaren adierazpena eta besarkada zintzoa».
Joxe Gurrutxaga, Tolosako alkate ohia
«Bospasei urtetan aritu nintzen udalean berarekin. Ni 1987tik 1999. urtera bitarte izan nintzen alkate, eta tarte horretan bera ere zinegotzi izan zen».
«Nahiko istilu izan genuen batak bestearekin. Oposizioko alderdian zegoen bera, eta oposizioan zaudenean, hori egiten da. Gero, ordea, horiek guztiak ahaztu genituen, eta elkarrekin ondo moldatu izan gara; politika alde batera utzita, ondo moldatzen ginen».
«Umoretsua zen oso. Gainerakoan, oso politikaria zen, bere alderdikoa beti ere. Guztiaren jakinaren gainean izaten zen, beti. Iñigo Urkullu Tolosan izan zenean, Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan, berarekin egoteko aukera izan nuen. Nik zorionak eman nizkion bere alaba ezkondu zelako, eta hizketan aritu ginen; oso denbora gutxiz».
«Anekdotak asko, guztia istilua eta buila baitzen gure artean, garai hartan. Udalbatzaren bilkuretatik kanpo, egunkarietan ere izan genituen eztabaidak batak bestearekin, eta hika-mikan ibiltzen ginen garai hartan, gehiegi behar bada. Bakoitzak bere aldera tiratzen zuen. Nik, alkate gisa, nire ideiak eta nire aldamenean nituen zinegotzienak defendatu behar nituen. Eta bera ere, oso gogorra zen bere ideiak defendatze horretan. Lan handia egiten zuen bere alderdian, eta EAJren oposiziotik lan gehien ematen zidana zen».