Gaur aurkeztu dute, Tolosako udaletxeko pleno aretoan, Mundu bat Tolosaldean egitasmoa. Helbururik behinena, "azken urteotan Tolosaldera bizitzera etorri diren hainbat jatorritako pertsonen errealitateak ezagutzea eta guztiok elkar ezagutzeko guneak sortzea" dela azaldu du Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun teknikaria den Kristina Moralesek.
Egitaraua osatzeko, elkarlanean aritu dira integrazioan eta etorkinekin lanean aritzen diren hainbat elkarte eta eragile, besteak beste: Jatorkin elkartea, SOS Arrazakeria elkartea, Lita arafu elkar ezagutzeko elkartea, Identibuzz Tolosaldea proiektuko parte hartzaileak, Baraka taldea, Ereite elkartea, Banaiz Bagara elkartea, Tolosaldea Garatzen, Tolosako Udala eta Alegiako Udala.
Datorren abenduaren 29ra bitarte luzatuko den egitaraua prestatu dute, eta erakusketekin hasita, dokumentalak, ipuin kontaketak, kantu jirak eta beste hainbat jarduera izango dira, bertako eta kanpokoen arteko elkar-ezagutza sustatze bidean.