Jai egun batena baino, larunbat baten itxura handiagoa zuen atzoko egunak Tolosan. Eta, horixe zen, hain zuzen Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkartekoen xedea. Helburu horrekin antolatu zituzten hainbat ekimen atzoko egunez.
Hitzordu berezia Berazubiko estadioan egin zuten. Oso gutxitan ikus daitekeen ikuskizuna zegoen bertan: aeromodelismoa eta itsasmodelismoa.
Batetik, igerilekuan itsasontzi telegidatuekin erakustaldia egiten ari ziren. Aurreraxeago, estadioan bertan, hegazkinen erakusketa dotorea. Hauek sortu zuten, ikusmin handiena, bereziki euren jabeek hegan jarri zituztenean. Txikiak, handiagoak, hegazkinak nahiz helikopteroak, era guztietako telegidatuekin airean akrobazia bereziak egiteko gai direla erakutsi zuten euren pilotuek lurretik.
Bestalde, jatekoa eta edatekoa nahi zuenak, Txuletaren Festaren atariko moduan, Zerkausian zuen horretarako aukera. Burruntzia eta hanburgesak dastatu ahal zituen hara gerturatzen zen edonork. Eta jendea erruz joan zen. Dendetara erosketak egitera bezala. Izan ere, jai eguna izan arren, merkatari elkarteko 50 saltoki inguruk euren ateak ireki zituzten. Dendariak gustura azaldu ziren ekimenak izandako harrerarekin.
Bada, hegazkinak edo itsasontziak ikusten, Zerkausian bazkaltzen nahiz dendetan erosketak egiten, mugimendua nabari zen herrian. Eta kanpotik zetozenentzat ere bazuten beste zerbait prestatua, tren turistikoa. Hau Tolosatik barrena ibili zen egun osoan.
Zubi luze honetarako antolaturiko egitarauaren barruan kokatzen dira atzoko ekitaldiak. Herriari bizitasuna emateko helburu berarekin, piztu zituzten Gabonetako argiak herenegun gauean.