Joan eta etorri. Denborak egiten duela esan ohi da. Eta bai, Titirijai hasi zenez geroztik, hamaika joan-etorri egin ditu denborak; izan ere, bihar bertan hasiko da, 30. aldiz, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo jaialdia.
Denboraz gain, ordea, txotxongiloak ere izan daiztezke joan-etorrikoak, eta hauexek izango dira, abenduaren 2ra bitarte luzatuko den Titirijaiko protagonistak: Joan-etorriko txotxongiloak.
Ozeano Atlantikoaren bi aldeetan txotxongilolaritzak, aurreko mendeaz geroztik, hartu dituen adar eta bideak alderatzeko eta aztertzeko modua izango da aurtengo Titirijai.
Lana nahiz politikagatik Hegoameriketara erbesteratu behar izan zuten zenbaitek txotxongilolaritza taldeak sortu zituzten 70eko hamarkadan, beren jaioterrietara itzuli zirenean.
Topic zentroko eta Tolosako Ekinbide Etxeko arduradunek azaldu zutenez, Federico Garcia Lorcak ere txotxongiloarekiko grina sortu zuen Atlantikoko alde banatan, cachiporra panpinarekin.
Horrela beraz, txotxongilolaritza batek bestearengan izan duen eragina ikusi ahal izango da, bihartik aurrera. Argentinatik, Brasildik, Kolonbiatik eta Uruguaitik bertaratutako konpainiak ariko dira, Hegoameriketako txoxtxongilolaritza ordezkatuz.
Ozeanoaren alde honetatik, berriz, Espainiako, Herrialde Katalanetako nahiz Euskal Herriko konpainiek parte hartuko dute.
Aurkezpen ekitaldian azaldu moduan, murrizketa nabarmenak jasan ditu aurtengo Titirijai jaialdiak, eta Tolosan 40 emanaldiz gozatzeko aukera izango da, 12 konpainiaren eskutik.
SOS Titellesen zozketa
SOS Titelles konpainiak burutzen dituen elkartasun jarduerekin bat egingo du Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Titirijai jaialdiak.
Herrialde Katalanetako talde hau artean, kulturan nahiz gizartean eragina izan dezaketen hainbat arlotan aritzen da, eta eurek sortutako hiru txotxongilo zozketatuko dituzte.
Topic zentroko dendan ikusgai izango dira panpinak, bihartik datorren abenduaren 2ra bitarte, eta zozketan parte hartzeko txartelak, bost euroko prezioa izango dute.
Roberto white, (Argentina)
Criaturas particulares hitzik gabeko irudidun lana da. Poetikotasuna eta umorea darabilte, eta mimoen lengoaia erabiliz 5 urtetik aurrerako ikusleentzako emanaldia da.
Emanaldiak. Etzi 17:00etan Leidorren, saio irekia. Asteazkenean 11:00etatik 14:00etara, Topic-en, ikasleentzat, eta 18:00etan, Topic-en, saio irekia.
Mago por casualidad eskainiko dute, magia, txotxongiloak eta errobotika uztartuz. Historiako magoei eta trikimailuei omenaldia egingo diete.
Emanaldiak. Astelehenean Topic-en, eta asteartean kultur etxean, 11:00etatik 14:00etara, ikasleentzak emanaldiak. Astelehenean 18:00etan, Topic-en, saio irekia.
Manicomio de muñecos (Kolonbia)
Cuidado con la Marimonda ikuskizunak Marimondaren kondaira du oinarrian. Ordu beteko emanaldian, erreketan bizi den, eta mendi eta ibaiak zaindu nahiz babesteko lana duen emakume misteriotsua protagonista izango da.
Emanaldiak. Azaroak 30ean, 11:00tatik 14:00etara, Topic-en, ikasleentzako saioak. Eta 18:00etan saio irekia, Topic-en.
Angeles de Trapo (Uruguai)
Viajeros del carrusel eskainiko dute, Camille Saint-Saënsek 1886an idatzitako El carnaval de los animales pertsonaietatik abiatuta. Zuzeneko musikaz lagunduta, txotxongilo automatak erabiltzen dituzte.
Emanaldiak. Bihar saio irekia, 20:00etan, Topic-en. Astelehenean, kultur etxean, 11:00etatik 14:00etara, ikasleentzako.
Caracarton (Espainia, Andaluzia)
Chodudú ikuskizuna bera produktu magikoa da, ukitzen dituen pertsonak leundu, atsegin bihurtu eta elkartasunez betetzen ditu.
Emanaldiak. Ostegunean, hilak 29, 11:00etatik 14:00etara, Topic-etan, ikasleentzat saioak. Eta abenduaren 2an, 17:00etan, Leidorren, saio irekia.
Titiriteros de Binefar (Herrialde Katalanak, Aragoi)
1989an estreinatutako El bandido cucaracha berreskuratu dute.
Emanaldiak. Hilaren 30ean, 11:00etatik 14:00etara, Leidorren, ikasleentzako emanaldia. Abenduaren 1ean, 17:00etan, saio irekia.
Rosa Martinez (Euskal Herria)
Etxean goxo lanean sagu bat da protagonista. Rosa Martinezek bere 20. urteurrena ospatzen du emanaldi honekin.
Emanaldiak. Hilak 28, 11:00etatik 14:00etara, ikasleen saioak, kultur etxean.
Anita Maravillas (Euskal Herria-Txile)
20ko hamarkadara bidaiatuko dute Blue Bird izeneko istorioa kontatzeko.
Emanaldiak. Asteazkenean, 11:00etatik 14:00etara, Leidorren, ikasleentzako saioak. Ostegunean, hilak 29, 11:00etatik 14:00etara, ikasleentzako saioak, Leidorren.
Bihar txotxongilo taldea (Euskal Herria)
Homeroren testuari jarraituz, La Odisea ikuskizunean Ulissesen abenturak hizpide izango dira, Troiako guda amaieratik abiatu, eta hainbat urte geroago Itakara iritsi arte. Ulissesek Polifemorekin izandako liskarra, nahiz Poseidon itsasoko erregeak egin zion erasoa oholtzara eramango ditu talde euskaldunak txotxongiloen bidez, besteak beste. Itacara iristen denekoa ere antzezgai izango dute.
Emanaldiak. Asteartean 11:00etatik 14:00etara, Topic zentroan, ikasleen saioak.
Teatro de titeres Los Duendes (Herrialde Katalanak, Valentzia)
Mi Miko obraren estreinaldia bikoitza izango da, beren lan egiteko modua ere berritu beitute ikuskizun honetan. Oholtzan oso baliabide gutxi erabiltzen dituzte, eta hitz egin gabe sortu dute emanaldia.
Emanaldiak. Hilaren 30ean, 11:00etatik 14:00etara, kultur etxean, ikasleentzako saioak. Eta abenduaren 1ean, 18:30ean, Topic-en, saio irekia.
Luna teatro danza (Espainia, Madril)
Cenicienta y las zapatillas de cristal istorioarekin, Perraultek idatzitako Marierrauskinen ipuin klasikoari bira bat emango diote. Izan ere, Marierrauskinek bere amaren kristalezko zapatekin amestuko du gauero.
Emanaldiak. Astelehenean, 11:00etatik 14:00etara, Leidorren, ikasleentzako saioak. Asteartean, 11:00etatik 14:00etara, Leidorren, ikasleentzako saioak.
Teatro los claveles (Espainia, Murtzia)
Siete cabritillos y el lobo lanean zazpi antxumetxoen ipuina panpinen bidez interpretatzen dute txotxongilo sinpleen bitartez.
Emanaldiak. Etzi, 18:30ean, Topic-en, saio irekia. Hilak 29an, 11:00etatik 14:00etara, kultur etxean, ikasleentzat saioak. Abenduaren 2an, 18:30ean, Topic-en, saio irekia.