Unai Igartua eta Jone Urteaga: «Ikastola herri ekimenez sortu zen, eta herritarrak inplikatu nahi ditugu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 22a

Laskorain ikastolan hilabeteak daramatzate jada, datorren urriaren 6ko Kilometroak jaia prestatzen. Bihar, Leidor aretoan aurkeztuko dituzte jakinmina piztu duten leloa eta logoa.

[/caption]

Laskorain ikastolako zuzendaria da Jone Urteaga (Tolosa,1958), eta Unai Igartua (Ikaztegieta, 1978), berriz, 2013an Tolosan ospatuko den Kilometroak prestatzen ari da, koordinatzaile lanetan.

Sakramentinoetako eraikin berria finantzatzea izango da helburuetako bat, hiru lerroko ikastola izatetik maila bakoitzean lau gela sortu behar izan baititu Laskorainek. Hilabeteak daramatzate lanean, eta bihar ikusiko du argia, urte osoan lau haizetara ibiliko den leloak.

Bihar aurkeztuko duzue KMK 13, baina aspaldi hasi zineten lanean.

Jone Urteaga: KMK Tolosan ospatzeko eskaera egiten duela sei urte hasi ginen, beharra aurreikusten baikenuen, eta azkenean, iaz esleitu ziguten. Koordinatzailearen profila eta helburuak zehaztu eta gero, hausnarketekin urtarrilean hasi ginen.

Unai Igartua: Urte hasieran bilerekin hasi ginen. Leloa eta logoa, berriz, maiatzerako atera genituen, arropa dela eta.

Helburu ekonomikoaz gain, zein jomuga izango du Tolosako KMk 13-k?

J.U. : Helburuak nahiko argi genituen. Tolosan euskararen erabileraren aldeko hautua zabaltzeko esfortzu bat egitea, eta euskaraz bizi garela eta bizi nahi dugula zabaltzea izango da helburu nagusia. Halaber, Laskorain herri onura duen elkarte kooperatiboa da, eta herri ekimenez sortu zen, beraz, herritarrak proiektu honetan inplikatu nahi ditugu.

U.I. : Datuen arabera, euskararen ezagutza igo egin da Euskal Herrian, baina erabilera ez. Hausnarketa bat merezi du honek, eta aurten eman dezakegun pausoa handia edo txikia izanda ere, horri begira emango dugu.

1977an hasi zen Kilometroak. Orduz geroztik egindako lanak euskararen normalizazioan nola eragin du?

J.U. : Esparru askotan egin da lana euskararen normalizazioaren alde, baina ikastolen mugimenduak lan asko egin du. Tolosan ere, gure ikastolak utzi du arrastoa; horren adierazle dira hizkuntza neurketak, eta erabileraren bilakaera oso argia. Ikastolak asko jarri du bere aldetik emaitza horiek lortzeko, batez ere, 80ko hamarkadatik hona, Euskaraz Bizi proiektuarekin.

U.I. : Kilometroak ospatu izan den herrietan, euskararen iraultza moduko bat gertatu izan da beti. Eskualde guztia sartzen da proiektuan, eta mezu bat edo beste izan, euskararen inguruko mugimendu bat da.

Eta zein da giltzarria, ikastolen hezkuntza ereduan?

J.U. : Gure ikurra beti izan da Euskaraz Bizi proiektua. Ez dakit beste sekreturik baden, baina sentitzen eta ikusten dugu, gure ikasleek euskara erabiltzen dutela ikastolan eta kanpoan; euskaraz bizi dira.

U.I. : Laskoraingo langileen inplikazioa nabarmena da. Kooperatiba izaera du, eta irakasleak ikastolaren zati sentitzen dira.

J.U. : Euskara barneratuta daukagu eta hori helarazten dugu. Argitxoren bidez, haurrei, txiki-txikitatik, euskararen altxorraren magia sentiarazten diegu, eta hor dago gakoa. Euskara ez da tresna bat, euskara barnean bizi dugun zerbait da; euskaldunak gara euskaraz dakigulako.

Kilometroetara itzuliz, laguntza eta elkarlana ezinbestekoak dira.

U.I. : Aurreikuspenen arabera, urriaren 6rako, 1.500 edo 2.000 pertsona inguru beharko ditugu. Baina urtea luzea da, eta deialdia egin nahi dugu, jendeak izena eman dezan. Bihartik aurrera www.kilometroak.net ataria martxan izango da, eta izena eman ahal izango da batzordeetan.

Orain arte 13 batzorde izaten ziren arren, 14.a sortu duzue, ikasleena.

U.I. : Beti galdetzen da, KMK norena ote den, eta Tolosa eta eskualde osoarena da. Laskorain ikastola norena den ere begiratu behar da: gurasoena, irakasleena eta ikasleena da. Ikasleek ere Kilometroen zati izan behar dute, eta beraz, ikasle batzorde bat osatzea erabaki dugu. Finean, gauzak zergatik antolatzen diren edo zergatik ezin diren antolatu jakitea nahi dugu. Erabaki batzorde guztietan parte hartuko dute, eta Kazkabarra aisialdi taldeko bi begirale izango dituzte laguntzeko.

Bihar plazaratuko duzuen leloak zer transmitituko du?

U.I. : Hasieratik erabaki genuen, euskararen erabilerarekin lotura izango zuela. Alde egin nahi izan dugu, azken urteotan erabili izan diren interneteko eta sare sozialetako ikurretatik. Euskara, bihotzean izatetik areago, erabili egin behar dela helaraziko du leloak.

J.U. : Ausarta da, eta oso-oso zuzena.

Kantuak ere sortzen du jakinminik. Zertan da prozesua?

U.I. : Inauterietarako prest izatea da asmoa. Lehiaketarik ez dugu egingo, eta Tolosan bertan sortzea eta ikastolak parte hartzea nahi dugu. Zenbait urtetan liskarrak sortu izan ditu honek, eta espero dugu inor kanporatuta ez sentitzea; guk argi izan behar dugu nahi duguna, eta horren bila joango gara.

Bihartik aurrera jarduera gehiago aurreikusi dituzue?

U.I. : Denda irekiko dugu, Korreo kalean, etzi. Astelehenetatik larunbatera zabalik izango da, 10:00etatik 13:00era, eta 17:00etatik 20:00etara. Urte osoko jarduerekin, berriz, ideien zerrenda luzea dugu, eta orain ari gara guztia zehazten.

Bi saio izango dira bihar, Leidorren. Zer esango zeniekete tolosarrei?

J.U. : Etor daitezela. Polita izango da, laburra eta indar handikoa, ondo pasako dute. Morboa nahi duenak, irakasleok desfilean-eta ikusteko aukera izango du[barreak]. Merezi izango du, behinik behin, barre pixka bat egiteagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!