Udazkenarekin batera, eta abenduaren 6tik 9ra izango den Durangoko Disko eta Liburu Azokaren atarian, Tolosako San Frantzisko pasealekuak Liburu Azoka hartzen du urtero. Babarrun Astea hastearekin batera ireki zuten eta igandera arte, azaroak 25, egongo da zabalik. Astean zehar 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta asteburuan ordu erdiz luzatuko dute ordutegia, 21:30ak arte, alegia.
Postua jarri duten argitaletxeek argitaratutako azken liburuak ekarri dituzte Tolosara, baina era berean, liburu zaharragoak eta bitxikeriaren bat ere ikusi ahal da Liburu Azokan.