Erregina beltzaren asteburu oparoa

Ataria 2012ko azaroaren 20a

Tolosako Babarrunaren asteburu berezia izan berri da. Besteak beste, babarrun ekoizleen txapelketa egin zuten eta Juan Ugartemendia albizturtarrak irabazi zuen. Bere bosgarren txapela izan da aurtengoa, eta hainbat bigarren eta hirugarren sari jaso ditu. Bigarren postua Pedro Olano tolosarrarentzat izan zen eta hirugarrena Pako Orbegozo usurbildarrarentzat. Babarrun irabazlearen lakariaren enkantea Bilboko Porrue jatetxeak eraman zuen, 700 euro eskainiz. Ohi bezala, Afrika Elkartasuna elkartearentzat izan zen dirua.

Ugartemendiak pozik jaso zuen txapela. Aurten uzta gutxi izan dela azaldu zuen: «Uda lehorra izan da, bero handiekin, eta horrek uzta gutxitu egin du». Sekreturik ez duela dio babarrun ona izateak, baina garbi utzi du lurra «giro ona dagoenean» ibili behar dela. Bere produkzio guztia salduta du, eta jasotako sariek babarruna saltzen laguntzen diotela dio.

Jende ugari izan zen Trianguloa plazan, lehiaketaz aparte azoka berezia ere izan zelako. Bertan hainbat produktu izan ziren erosgai. Bestalde, Tolosako Babarrunaren Kofradiak mila babarrun errazio inguru banatu zituen herritarren artean. Besteak beste, Berrialaguna egitasmoak eta Tolosako Udaberri dantza taldeak mahai bana jarri zuten, batak Berria taldearen proiektuan laguntzeko eta besteak bere produktuak saltzeko.

Babarrunaren Astearen barruan, Txinparta elkarteak Txapela Nork Hobeto Jantzi Lehiaketa egin zuen eta guztira 36 parte hartzaile izan ziren, horietatik 22 emakumezko eta 14 gizonezko. Emakumezkoetan Leire Arbillaga, Irati Gondra eta Kristina Osorio izan ziren lehenengo hiru postuak lortu zituztenak. Gizonezkoetan, Anjel Gondra, Ignazio Iribarren eta Juan Zubeldia izan ziren hiru lehenak. Parte hartzaile zaharrena Florentino Gastesi izan zen, 94 urterekin, eta gazteena, Eneritz Mesias, hiru urterekin. Txinparta elkarteko bazkideen artean, lehenengoa Juan Zubeldia izan zen eta bigarrena Agustin Garmendia.

Lehiaketa gastronomikoa

Gure Kaiola elkarteak antolatzen duen lehiaketa gastronomikoko irabazleak Tomas Nuñez eta Jose Manuel Irigoien, Hernaniko Tolare Kofradia elkartekoak, izan ziren. Bigarren sailkatuak Alberto Zubelzu eta Juan Carlos Arecha tolosarrak, eta hirugarrenak Miguel La Tienda eta Joxe Mujika legorretarrak izan ziren. Aurkezpen onenaren saria Jose Manuel Soroiz eta Pili Iturbe beasaindarrek jaso zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!