Juan Ugartemendiak irabazi du Tolosako babarrunaren ekoizleen arteko lehiaketa

Ataria 2012ko azaroaren 17a

Tolosako Babarrunaren Astearen egun nagusia izan da gaurkoa. Besteak beste, babarrun ekoizleen txapelketa egin dute eta Juan Ugartemendia albiztuarrak irabazi du. Bere bosgarren txapela izan da aurtengoa, eta hainbat bigarren eta hirugarren sari jaso ditu. Bigarren postua Pedro Olano tolosarrarentzat izan da eta hirugarrena Pako Orbegozo usurbildarrarentzat. Horren ondoren izan da babarrun irabazlearen lakariaren enkantea. Bilboko Porrue jatetxeak jarri du diru gehien eta berak eraman du lakaria, 700 euroren truke. Iazko enkantean ere diru kopuru bera ordaindu zen.

Jende ugari izan da Trianguloan, lehiaketaz aparte azoka berezia ere izan delako. Tolosako Babarrunaren Kofradiak mila babarrun errazio inguru banatu ditu. Babarrunaren Astearen barruan, Txinparta elkarteak Txapela Nork Hobeto Jantzi Lehiaketa egin du eta guztira 36 parte hartzaile izan dira, horietatik 22 emakumezko eta 14 gizonezko. Emakumezkoetan Leire Arbillaga, Irati Gondra eta Kristina Osorio izan dira hiru lehena. Gizonezkoetan, Anjel Gondra, Ignazio Iribarren eta Juan Zubeldia. Parte hartzaile zaharrena Florentino Gastesi izan da, 94 urterekin, eta gazteena, Eneritz Mesias, hiru urterekin. Txinparta elkarteko bazkideen artean, lehenengoa Juan Zubeldia izan da eta bigarrena Agustin Garmendia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!