5.000 metro karratuko lantegia dute Usabal industrigunean, eta 40 langile inguru aritzen dira bertan
Mendeurrena ospatu berri dute Tolosako Cartonajes Limousin enpresan. 1888. urtean txokolatea eta txikoria ekoizten zuen lantegi hartatik, kartoizko kutxetara pasa zen enpresa, eta erakundeetako arduradunek eredugarritzat jo duten gizarte-ekonomiaren bidetik iritsi dira gaur egunera arte.
Iñaki Ormazabal enpresako kudeatzaileak azaldu du enpresaren mende beteko historia. Chocolates y Achicorias Limousin Hermanos zuen izena jatorrizko enpresak, eta Igarondoko eremuan zuten lantegia. XX. mendearen hasieran, eurek ekoitzitako produktuak biltzeko kutxen beharra ikusi, eta kartoizko kaxak egiten hasi ziren. Bide honetan, 1912. urtetik aurrera, kartoia ekoizten hasi ziren erabat, Cartonajes Limousin izenarekin. 70. hamarkadan Igarondoko lantegiak su hartu zuenean ireki zuten Usabalgo eraikina; garai hartan, hiru enpresa besterik ez zeuden bertan.
Gaur egun krisiak esparru guztiak hartzen dituen arren, 80ko hamarkadan ere ekonomiak izan zuen gainbehera. Izaera aldaketa bat ekarri zion honek enpresari, eta Limousin familiarena izateari utziz, bertako langileen jabetzara pasa zen erakundea. Orduan hasi ziren, beraz, gizarte enpresaritzaren bidea jorratzen hasi ziren; lan elkarte anonimo bilakatu zen Cartonajes Limousin.
Azkenik, kartoiaren izaera jasangarria ere nabarmendu du Ormazabal kudeatzaileak: «Papera lortzeak CO2 tasa jaitsi egiten du, zuhaitzak landatu behar baitira; Espainiako basoen %50a papera ekoizteko landatutakoa da».
«Filosofia eredugarria»
Gaur egun, 5.000 metro karratu inguruko lantegia dute Tolosan, eta 40 lagun aritzen dira lanean. Iñaki Ormazabalek nabarmendu duenez, eskaintzen duten «zerbitzu azkarra» da euren tresnarik onena: «Enpresa integrala gara, eta paperetik abiatuta, kartoia egin eta eraldatu egiten dugu hementxe bertan». Hau dela eta, azken urteotan lehiakideen aldean Cartonajes Limousin-en balioa handitu egin dela uste dute.
Aurrera begira, enpresa filosofia berarekin jarraitzeko aurreikuspenak dituzte enpresako kideek. Hain zuzen ere, enpresaren antolakuntza hau goraipatu dute Ibai Iriarte Tolosako alkateak, eta baita foru aldundiko Berrikuntza, Landa garapen eta Turismo saileko Jon Peli Uriguenek ere.
«Langileek enpresan parte hartzeak estrategikoa behar du izan, eta datozen urteotan gure lan ildoetako bat izango da», azaldu du Uriguenek.
Iriartek, berriz, enpresak bere lana dibertsifikatzeko izan duen gaitasuna nabarmenduz, laudorioztatu egin du «herrian sorturiko enpresa batek herrian jarraitzea, eta eredu sozial horrekin, gainera».