Datorren azaroaren 24an hasiko den Titirijai jaialdirako sarrerak eskuragarri daude jada
20 txotxongilo baino gehiagoren bidez, La Tartana talde madrildarrak Engelbert Humperdinck-en Hansel eta Gretel opera ezaguna taularatuko du Topic zentroko oholtzan.
Askotariko teknikak, argi-itzalak eta koloreak erabiliko dituzte, basoko zuhaitz bakoitzak ezkutatzen duen magia haur eta gaztetxoei erakustarazteko, istorio ezagunean barrena. Horrela, Hansel eta Gretel gozokizko etxetxora iritsiko dira azkenean, 45 minutuko ikuskizunean.
1977an eskani zuen, lehen ikuskizuna, La Tartana konpainiak. Haurrei zuzenduriko ikuskizunekin, ordea, 1996. urtean hasi ziren, La roca y la colina emanaldiarekin.
Orduz geroztik, beren esperientzia eta teknikaren ezagutza, pedagogiari eta hezkuntzari loturiko jarduerekin uztartzen dute, eta beraz, istorioak kontatzean haratago, mundu bat birsortzen dute.
Ikusleak unibertso hauetara bideratzeko, bereziki zaintzen dute beren ikuskizunetako estetika, eta baita eszenografia ere.
Sei urtetik gorako haurrei begirako ikuskizuna izango da larunbat honetako txotxongiloen opera. 18:30ean hasiko da ikuskizuna, eta sarrerak eskuragarri daude jada, Topic zentroko leihatilan, nahiz www.topictolosa.com webgunean. Haurrek 4 euro ordaindu beharko dute, eta helduek, berriz, 7 euro. Familia ugarien kasuan, haurrek 3 eurotan eskuratu ahal izango dute sarrera, eta helduek 5 eurotan.
Titirijaiko sarrerak salgai
Datorren azaroaren 24an hasi, eta abenduaren 2ra arte luzatuko dira, 30. Titirijaiko ikuskizunak.
Aurten, txontxongilo konpainien arteko elkartrukea izango da jaialdiaren muina, eta ikuskizun guztietako sarrerak eskuragarri daude jada.
Batetik, www.topictolosa.com webgunean erosteko aukera izango da. Era berean, Topic zentroko bulegoetan ere salgai izango dira.