LABen ustez, SAMko greba mugagabea «kaleratuen esku» utzi du enpresak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 13a

Atzo bertan hasitako greba mugagabearekin jarraitzea «zortzi kaleratuen esku utzi du SAM enpresako zuzendaritzak», LAB sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez.

[/caption]

Kaleratutako langile bakoitzari 3.000 euro gehiago ematea proposatu du zuzendaritzak, eta baldintza hau onartzea edo ez onartzea erabaki beharko dute kaleratutako langileek, sindikatu, zuzendaritza eta abokatuekin.

SAMko langileetako batzuek zenbait akzio dituzte enpresan, eta hain justu, kaleratutako zortziak akziodunak dira. Akzioen gehiengoa duen enpresa (%89), ordea, Tompla multinazionala da: «Hauek ez dute kaleratuen akzioak erosteko obligaziorik, eta ez baldin badituzte erosten, noski, akzioak enpresan bertan geratzen dira», azaldu dute LABeko ordezkariek.

Pasa den astean SAMko zuzendaritzaren proposamena, honakoa izan zen: kalte-ordainez gain, kaleratu bakoitzari, akzioen truke 12.000 euro ordaintzea. LABeko kideek, ordea, argi utzi nahi izan dute, «langile bakoitzaren akzioen balioa 15.000 eurokoa» dela. «Beti mehatxuekin aritzen dira, eta prezioa eurek jartzen dutela esan zuten; kaleratuek ez baldin bazuten hori onartzen, ez zizkietela akzioak erosiko», azpimarratu dute.

Egoera honen aurrean, sindikatuetako ordezkariek negoziaziorako bideak ireki nahi izan zituzten, joan den astean: «Akordio ekonomiko batzuetara iristea zen helburua, baina zuzendaritzak ez zuen halakorik nahi izan, eta hau dela eta hasi gara greba mugagabearekin», nabarmendu dute langileek. Aipatzekoa da, greba deialdia aho batez onartu zutela SAM enpresan ordezkaritza sindikala duten LAB, CCOO eta independentistek.

Horrela beraz, atzo, goizean goiz grebalari talde bat informazioa ematera bertaratu zen SAM lantegira, eta bulegoko zenbait langile bertan zeuden: «Azken batzarrean izan ez zirenez, egoera zein den azaldu diegu, eta behintzat, ez dira lanera sartu». Zuzendaritzako kideak soilik geratu ziren, beraz, lantegian.

Baldintzak onartu ala ez

12:00etan elkartu ziren, atzo, langileak, lantegiaren atarian elkarretaratzea egiteko. Ordezkariak SAMko zuzendaritzako kideekin bilduta zeuden artean, eta jakinmina eta tentsioa nabari zen.

Langileen asaldatzearen, eta antolatutako mobilizazioen aurrean, Tompla multinazionaleko zuzendaritzak «oso larrituta» deitu zuen SAM lantegira, LABeko ordezkarien arabera, beren eskaintza jakinarazteko: langile bakoitzari 3.000 euro gehiago ematea proposatu zuten.

LABeko ordezkariek azaldu zutenez, ordea, «kaleratzeen aurka protesta egiteaz haratago, beste zerbait» nahi dute: «Urte bete daramagu kaleratzeekin, soldata jaitsierekin, enplegu erregulazio txostenekin,... Horrela ez da posible lan egitea, tentsioan etortzen baikara lanera». Honen aurrean, beraz, zuzendaritzari zenbait konpromiso eskatu dizkiete, «lantegian lasaitasun pixka bat izateko». 2013ko aurrekontuak aurkezterakoan, akordio batera iritsiko direla esan diete zuzendaritzako kideek.

Zuzendaritzak aurkeztutako baldintzen aurrean kaleratu guztiak ados jartzea zaila izango dela uste dute sindikatuen ordezkariek, «besteak beste, adin desberdintasunak medio, batzuk besteak baino egoera okerragoan geratu baitira». Lankideek, ordea, eurek hartutako erabakia onartuko dutela diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!