Nazioarteko zinema izango da entzule nahiz gorrentzako, asteburuan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 7a

Gainditzen elkarteak, hirugarrenez antolatu du zeinu hizkuntzan egindako film laburren nazioarteko jaialdia

Ikusle entzuleek nahiz gorrek, elkarrekin gozatu ahal izango dute zinemaz, asteburu honetan, Tolosan. Hirugarren aldiz antolatuko du, aurten, Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren Gainditzen elkarteak, zeinu hizkuntzan egindako zinemaren nazioarteko jaialdia.

Elkartearen hamargarren urteurrenarekin bat egingo du zeinu hizkuntzan egindako zinemaren jaialdi honek, eta aurkezpenean, beren ibilbideaz harro azaldu dira Gainditzen elkarteko Alberto Etxeberria eta Julian Rodriguez.

Tolosako alkate Ibai Iriartek, laudorio hitzak izan ditu Etxeberria eta Rodriguezentzat, izan ere, «lan izugarria egiten dute horrelako egitaraua aurrera ateratzeko». Era berean, gorrek gizartean egiten duten lana ikustarazteko bideetako bat dela nabarmendu du alkateak: «Garrantzitsua da, Gainditzen elkarteak zein indar duen; talde dinamikoa da, martxan dagoen giza taldea, finean».

Horregatik, «Tolosako kultur agenda are gehiago aberastuko duen jarduera» izateaz gain, «gizartea sentsibilizatuko duen jaialdia da», azaldu du Ibai Iriarte alkateak.

Europako 10 aretoetako bat

Ez da ohikoena zeinu hizkuntzan egindako filmez gozatzeko aukera izatea. Zeinu hizkuntzan egindako zinema, batez ere, Europan eta AEBtan ekoizten dute, eta Europako 10 hiritan soilik antolatzen dituzte mota honetako zinema jaialdiak.

Horrela, beraz, Tolosako jaialdiak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Julian Rodriguezek: «Tolosan lehendik ere hamaika kontu antolatzen dira, baina zeinu hizkuntzan egindako zinemaren nazioarteko jaialdi hau, gure aberastasunaren adierazlea ere bada». Bide honetan, Tolosa erreferentzia dela azpimarratu du Rodriguezek.

Ikusle guztientzako filmak

Film laburren jaialdi honen nazioartekotasuna eta oihartzunaz haratgo, ordea, Alberto Etxeberriak eta Julian Rodriguezek argi utzi nahi izan dute, asteburu honetako film laburren egitaraua mota guztietako ikusleei zuzendutakoa izango dela.

Espainiako, Italiako, Ingalaterrako, Ukrainako eta Frantziako proiekzioak ikusteko aukera izango da; nazioarteko film laburrez gain, ordea, Espainiako eta Europako zuzendari eta aktoreak ere bertaratuko dira Leidor aretora.

Gainditzen elkarteko antolatzaileek argi utzi nahi izan dute, zinema jaialdiak pertsona gorrei nahiz entzuleei zabalduko dizkiela ateak. Izan ere, filmak bikoiztuta eta azpitituluekin eskainiko dituzte Leidorren; www. gainditzen.com webgunearen bitartez, sarrerak erosteko aukera izango da, 8 euroren truke.

Lehiaketako film laburren aurretik, hala ere, egitarau zabala osatu dute, eta bihar bertan, El abrazo de los peces filma eskainiko dute, Tolosako zine klubarekin elkarlanean. Julian Rodriguezek, «gizarte osoak ikusi beharreko pelikula» dela azaldu du; alaba gor-itsua duten familia baten inguruko istorio gogorra da, eta iazko Donostiako Zinemaldian eskaini zuten. Aipatzekoa da, pelikula honetako sarreren bitartez jasotako dirua, Sevillako (Andaluzia, Espainia) eskola batera eta Donostiako Easo institutura bidaliko dutela.

Ostiralean, berriz, gizarteko gaztetxoenak sentsiblizatzeko jarduera antolatu dute Gainditzeneko kideek. Horrela, Tolosako Hirukide ikastetxetik, Ibarrako Uzturpe ikastolatik eta Tolosako Gurutze Gorriaren taldetik neska-mutil taldetxo bat elkartuko da kultur etxean, bereziki gazteei begira, zeinu hizkuntzan egindako filma ikusteko. Jarraian, mahai ingurua egingo dute.

Zeinu hizkuntzan egindako nazioarteko zinema jaialdiko egunik nabarmenena izango da larunbata, ordea. Goizean goiz, 09:30ak inguruan, Tolosako txokorik politenak ezagutzeko bisita egingo dute, eta besteak beste, Euskal Herria plaza, Berdura plaza, Santa Maria eliza eta udaletxeko eraikina bera bisitatuko dituzte. Azkenik, Zerkausiko azokan ibiliko dira, 10:30ak bitarte.

Orduantxe hasiera emango diote jaialdiari, eta lehen zatian, lau film laburrez gozatzeko aukera izango da: Veronica Saenz zuzendariaren Y yo, Lazaro Contrerasen Quiero ser oyente, Jose Manuel Franciscoren Asalto, eta Andrea Olindo italiarraren Insegnare lan felicita.

Bigarren zatian, atsedenaldia egin eta gero, S. Mazzocchio ingelesaren The allotment, Jaime Fernandez galiziarraren ¿Qué puede necesitar?, Bartzelonako Albert R. Casellasen 96 horas eta Antonio Cajal zaragozarraren Una verdad injusta izango dira ikusgai.

Arratsaldean, beste bederatzi film labur eskainiko dituzte. Lehen zatian Ukrainako Suyatoslav Suprun zuzendariaren The protector lana, Pedro Soroa madrildarraren Mama y café, Elias Busonen Codice II, Frantziako Sambe Alexen Le portrait eta Gema Piriz zuzendariaren Tu filma ikusi ahal izango dira.

Azkenik, lehiaketan parte hartuko duten zeinu hizkuntzan egindako azken lau film laburrak honakoak izango dira: David Ellington ingelesaren Life out there, Tenerifeko Eugenia Arteagaren El círculo, Jose Ramon Domenech kataluniarraren Imperfecte eta Ingalaterrako zuzendari Marilyn Buenoren Gone with the time.

Iluntzean, epaimahaiaren erabakia ezagutarazi, eta sari banaketarekin amaituko da zeinu hizkuntzan egindako zinemaren nazioarteko jaialdia. Hiru pertsona gorrek eta bi entzulek osatutako epaimahaiaren erabakia, Ainhoa Aierbe eta Goizale aktoreek jakinaraziko dute, eta sari banaketa ekitaldia 21:00etan erretirodunen egoitzan egingo duten afariak borobilduko du.

Egitaraua

Azaroak 8, Osteguna

19:15. Chema Rodriguezen El abrazo de los peces filma, Leidor aretoan, Tolosako zine klubaren elkarlanarekin.

21:45. El abrazo de los peces filma, Leidor aretoan.

Azaroak 9, Ostirala

09:30etik 12:30era. Ikastetxeetako haur eta gaztetxoentzat zeinu hizkuntzan egindako pelikula, kultur etxean. Hirukideko, Uzturpeko eta Gurutze gorriko taldeak bertaratuko dira.

Azaroak 10, Larunbata

09:30. Tolosa bisitatuko dute: Euskal Herria eta Berdura plazak, Santa Maria eliza, udaletxea eta Zerkausiko azoka, azkenari garrantzia berezia emanaz.

10:30-13:30. Leidor aretoan emanaldiak hasiko dira: Y yo, quiero ser oyente, Asalto eta Insegnare lan felicita film laburrak izango dira lehen zatian. Ordu laurdeneko atsedenaldiaren ostean: The allotment, ¿Qué puede necesitar?, 96 horas eta Una verdad injusta.

16:30-19:30. Arratsaldeko emanaldiak: The protector, Mama y café, Codice II, Le portrait eta Tu. Ordu laurdeneko atsedenaldiaren ondoren: Life out there, El círculo, Imperfecte eta Gone with the time.

19:30. Sari banaketa ekitaldia hasiko da, Leidor aretoan bertan. Ainhoa Aierbe eta Goizalde aktoreak izango dira bertan, eta Tolosako Udaleko nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ere parte hartuko dute.

21:00. Tolosako erretirodunen egoitzan afaria egingo dute jaialdia bukatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!