Gutuna: "Kalean eta hauteskundeetan EH Bildurekin"

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 18a

Datorren urriaren 21ean, EHBilduk emaitza historikoak lortuko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 2009tik hasita greba orokorretan kaleak bete, eskubide demokratikoen aldeko mobilizazioetan parte hartu eta krisi kapitalistaren ondorio larriak sufritzen dituzten ehunka mila langile, gazte, langabetu eta pentsiodunek Euskal Herriko panorama politikoa irauliko dute.

Garrantzia historiko handia dute hauteskunde hauek, une hauetan herritarren gehiengoa, langileak, gazteak, emakumeak eta etorkinak, frankismoaren aurkako borrokan irabazitako eskubideak galtzen ari baitira. Ezkerreko gehiengo sozial horren zati handi batek, EH Bilduri emango diogu botoa, eskubide demokratiko eta sozialak edozein erasotatik babestuko dituenaren konfiantzaz; zapalduen benetako ordezkaria izango den esperantzaz.

EH Bilduren zutabe nagusi den ezker abertzalearen militantziaren, eta beren biziaren onena eman dutenen garaipena izango dira urriaren 21eko hauteskunde emaitzak.

Baina bidea ez dago arriskuetatik salbu. Borroka honetan aliatu seguruak ditugu: mundu osoko zapalduak, Raxoiren politika atzerakoien aurka poliziaren errepresioari eta borroken kriminalizazioari aurre eginez estatu espainiarrean mobilizatzen ari diren langile eta gazteak.

Beraiek, Greziako, Portugalgo, Irlandako, mundu arabiarreko eta Amerika Latindarreko zapalduekin batera, gure babesik onena dira askapen sozial eta nazionalaren aldeko borrokan. Eta zapalduen aurrean, beste barrikadan, burgesia dago; komeni zaion bandera erabiltzen du, baina klaseko interesengatik beti elkartuta egongo da.

Horregatik, bide honetan, EAJk eta Confebaskek ez dute jokatzen herriaren, langileen, langabetuen eta gazteen alde. Ez dugu beraiekin elkartu behar, esperientzia historikoak erakusten duen moduan, beti kokatu izan baitira estatuaren eta burgesia espainiarraren nahiz frantziarraren ondoan, une erabakigarrienetan.

Askapen sozialaren aldeko borroka, eta zapalkuntza nazionalaren aurkakoa, elkarri erabat lotuta daude. Askatasuna, gure herriaren izaera eta nortasunaren errespetua, eta benetako demokrazia nahi baditugu, helburu horiek lortzea oztopatzen diguten eta zapaltzen gaituztenon boterea desjabetu behar da: kapitalista euskal herritarrak, espainiarrak, frantziarrak…

Beharrezkoa da udaletxeetako, diputazioetako eta Eusko Legebiltzarreko posizioetatik, gehiengoaren mobilizazioa, antolakuntza edota kontzientzia bultzatzea.

Baita gure indarrak elkartzea ere, Euskal Herri sozialista baten aldeko borrokan, Europako eta munduko Federazio Sozialistaren markoan.

Ibon Artola. Euskal Herria Sozialistaren izenean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!