Martxelo Otamendi: "Espainian torturatzea merkea da"

tolosa 2012ko urriaren 16a

Martxelo Otamendi 'Berria'ko zuzendari eta 'Euskaldunon Egunkaria'ko zuzendari ohiak prentsaurrekoa eskaini du zuen atzo iluntzean, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Iñigo Iruin abokatua, eta Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai ondoan zituela, Estrasburgok atzo goizean hartutako erabakiaren inguruan hitz egiteko . Hemen prentsaurrekoaren bideoa.

Iruinek Europak jakinarazi duen epaia "oso sententzia garrantzitsua" dela esan zuen . Gainera, iragarri zuen halako epai gehiago etorriko direla Europatik, "eta Espainiako Estatua ipurdibistan utziko dute".

Abokatuak azaldu zuenez, Espainiak atxilo aldian ezartzen duen inkomunikazioak Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duela dio Europako auzitegiak. "Europako epaiak esan du atxilotuei aurpegia estaltzea debekatu egin behar dela, epaileak berak aztertu behar duela atxilotua fisikoki, inkomunikatuari (Martxelori) bere abokatuarekin egoteko aukerarik ez ziola eman Espainiak, atxilotua non zegoen ez zuela jakinarazi Espainiak, epailearen kontrolik ez zela izan atxilo aldian eta epaileak zuzenean kontrolatu beharra duela hura —ez auzi medikuaren bidez—. Era berean, epaiak gogoratu du guardia zibil bat bera ez zela pasatu epaitegitik, Madrilgo epaileak ez ziola Otamendiri deklaraziorik hartu…".

Estrasburgok zuzenean egin zien kritika Espainiako auzitegiei, Iruinek azpimarratu zuenez. "Lehen aldiz Europako auzitegiak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten pasibotasuna salatu du, Juan del Olmorena. Kritika zorrotza egiten dio. Madrilgo Lurralde Epaitegiari, berriz, ikerketa osoa ez egitea leporatzen dio Europak".

2010ean eta 2011n ere Europak Espainia zigortu zuen tortura salaketak eraginkortasunez ez ikertzeagatik, baina Iruinek zioen gaurko epaiak "balio erantsia" duela, arestian aipatutako guztiengatik. "Pozik gaude. Horrelako borrokak luzeak izaten dira".

Otamendi: "Espainian torturatzea merkea da"

Martxelo Otamendik, bere aldetik, eskerrak eman zizkien abokatuei, "lan bikaina egiteagatik". Gogoratu zuen bera ez dela Egunkaria auziko torturatu bakarra. "Eta gu ez gara Euskal Herrian torturak jaso dituzten bakarrak. Torturengatik bizia galdu dutenak ditut gogoan bereziki. Torturaren aurka egin duten erakundeak ere bai".

Torturak saihestea erraza litzatekeela esan zuen, "tortura baita aurreikusi daitekeen delitua. Erraza da aurretik jakitea nork egingo egin delitua, baita non eta noiz egingo duen ere". Espainiak horretarako borondaterik ez daukala salatu zuen. "Merkea da torturatzea Espainian", azken batean milaka euro batzuk baino ez dituelako ordaindu behar kontrako epaia badu, oraingoan bezala. Argentinan tortura leporatuta berrehun militar eta polizia pasa daudela adierazi zuen Otamendik.

Egunkaria auzia bukatu gabe dagoela nabarmendu zuen, gainera. "Egunkaria-ko sumario nagusian —itxierakoan— absoluzio epaia eman zen, gaur tortura auzi bat irabazi dugu, baina auzi ekonomikoan zortzi lagun oraindik auzipetuta daude".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!