Senak sortutako panpinak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 12a

2007. urtean hil zen Mariona Masgrau txotxongilolaria. Titirijairekin izandako harreman estua zela eta, haren semeak Topic zentroari eman zion bere ondarea, eta erakusketa osatu dute zenbait pieza aukeratuta.

[caption id="attachment_20935" align="aligncenter" width="300" caption="Maria San Sebastian, erakusketako koordinatzailea"][/caption]

Mariona Masgrauk bi lan lerro ikusten zituen bere lanean atzera eginda. Bata arrazionala zela zioen berak, eta hasiera eta amaieradun testuetan oinarrituriko txotxongiloak sortu zituela. Bestea, ordea, senarekin loturikoa zela uste zuen kataluniarrak: «Lanaren prozesuaren hasierak ez du zertan testu bat izan behar; irudi bat izan daiteke, gertaera bat, musika bat, pentsamendu bat, galdera bat, egoera animiko bat,...». Horiek guztiak oinarri hartuz, tailerrean lanari ekiten zion Mariona Masgrauk, senari jarraituz panpinak sortuz.

Mariona Masgrau. Bidaia bat txotxongiloen mundura egitasmo pedagogikoa da, alde batetik. Izan ere, haurrentzako nahiz helduentzako piezak ikusi ahal izango dira. Topic zentroak antolatzen duen hamargarren aldi baterako erakusketa da, eta zentroko Maria San Sebastian arduradunak azaldu duenez, «oso gustura» daude, «emakume garrantzitsua baitzen txotxongilolaritzaren munduan»..

Masgrauk behin baino gehiagotan bisitatu zuen Tolosa, eta baita Titirijai ere. Bere hastapenetan, La Fanfarra konpainiako kide moduan etorri izan zen; 1987an lehenengoz, La Reina Blanca lanarekin. Garai honetako hainbat pieza ikusgai daude Topic zentroko erakusketan, eta batez ere, haur eta gaztetxoei zuzendutako txotxongiloak dira.

Gerora, ordea, konpainia utzi eta bakarlari moduan ekin zion txotxongilolariaren lanari. 2002an izan zen azkenekoz Tolosan, De tanto que te quiero izeneko obrarekin. Txotxongilo hauetariko asko ere ikusgai izango dira erakusketan. Topic zentroko arduradunek aspalditik eskaini nahi izan diote Masgrauri, erakusketa monografiko bat, eta aukera ezinhobea suertatu zaie aurten.

Ondare baten aberastasuna

Mariona Masgrauk ez zuen Topic zentroa irekita ikusteko aukerarik izan. Bere seme Octavi Rumbau Masgrau-k, ordea, gertu-gertutik ezagutu zuen lekua, eta musikariak, «amaren ondare guzti-guztia Topic-i uztea erabaki zuen», azaldu du Maria San Sebastian erakusketako arduradunak. Horrela beraz, 200 pieza baino gehiagook ondare horretako ale batzuk aukeratu dituzte erakusketa osatzeko. «Askotariko txotxongiloak» daudela nabarmendu du San Sebastianek, panpinen formari dagokionez ere: «Eskulturgilea zen Mariona Masgrau, berez, eta hastapenetan egindako txotxongiloak askoz ere pisutsuagoak eta handiagoak dira. Izan ere, zeramikazko buru eta gorputz atalak egiten zizkien panpinei».

Emakumea protagonista

Erakusketak haurrentzako hainbat pieza eskaintzen dituen arren, Mariona Masgrauren bizitzako azken urteetako txotxongiloak ere ikusgai dira; helduei zuzendurikoak dira azken hauek.

1995. urtean hasi zen Masgrau, bakarlari moduan, eta emakumea gaitzat hartu zuen hamaika eta bat aldiz: «Oso feminista zen», azaldu du Maria San Sebastianek. Hau dela eta, Tolosan ikusgai den erakusketan oso nabaria da emakumezko panpinen presentzia. Garai hartakoak dira, Mangalena, Constantina, Sophia, La Caspa de Joguines, De tanto que te quiero eta El despertar de las pasiones ikuskizunak. Obra hauetako txotxongiloak dira «berezienak», Maria San Sebastianen arabera, eta masturbazioa, emakumearen sexualitatea eta halako gaiak islatzen dituzte panpinek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!