Udal gobernua «bere ezintasuna estali nahian» dabilela dio EAJko taldeak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 2a

2013ko aurrekontuak elkarlanean osatu nahi dituzte jeltzaleek, eta proposamenak egin dituzten hainbat arlotan

[/caption]

Tolosako Bildu-Aralarko udal gobernua bere «ezintasunak estali nahian» dabilela uste du EAJko udal taldeak, udalaren aurrekontuen harira egindako agerraldian azaldu zutenez. Besteak beste, «udalera iritsi den krisia ideien krisia» dela azpimarratu dute jeltzaleek: «Aurreko legealdian ere aurre egiten zitzaion krisiari, baina proiektuak gelditu gabe; Bilduk kontrakoa egiten du».

Usabal kiroldegian, Nerea Letamendia, Ion Aldazabal, Jokin Azkue, Nuria Carbonell, Joselu Andueza eta Olatz Peon zinegotziek, Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuari erantzuteaz gain, 2013ko aurrekontuak osatzeko arloz arloko proposamenak egin zituzten: «Bilduri berriro eskua luzatzen diogu, 2013ko aurrekontuak lantzeko eta krisialdi honetatik ateratzeko, guztion artean aztertuz; honetarako, proposamenak egiteko prest gaude», azaldu zuen Jokin Azkuek.

«Harrituta» udal gobernuarekin

Jokin Azkuek, Tolosako udal gobernuko kideek udalaren zailtasun ekonomikoen inguruan esandakoekin «harrituta» geratu zirela azaldu zuen; Bilduk eta Aralarrek «errua besteei bota» dietela uste dute jeltzaleek.

Bide honetan, Ibai Iriartek, Inaki Irazabalbeitiak eta Lore Agirrek aipatutako ondare ekonomikoa ere hizpide izan zuen EAJk, eta «min eman» diela nabarmendu zuten agerraldian. Izan ere,

jeltzaleek, «gaur egun Bilduk kudeatzen dituen diru laguntza guztiak, aurreko legealdian lortutakoak» direla diote, eta inbertsioak diru laguntza horiekin burutzen dituztela.

Gainera, 2003 eta 2011 bitartean udalaren zorra 30 aldiz hazi zela aipatu izana ere gaitzetsi zuten EAJko zinegotziek: «Ez dute

esaten, bitarte horretan 24 milioiko kostua izan zuen kiroldegia eraiki zenik, edo beste hainbat proiektu gauzatu zirenik».

Proposamenak arloz arlo

Datorren urterako aurrekontuak egiteko, arloz arloko proposamenak ere egin zituzten EAJko kideek.

Udal etxebizitza planarekin hasi ziren, eta Berazubin, Kondeaneko aldapan nahiz Euskal Herria plazan, babes ofizialeko nahiz gazteentzako etxebizitzak eraikitzea proposatu zuten.

Hondakinen kudeaketaren gaia ere hizpide izan zuten, eta bosgarren edukiontziaren alde azaltzeaz gain, garbiketaren ordenantza martxan jartzea eskatu zuten, «herria gero eta zikinago baitago».

Gizarte politiketan, berriz, «integrazioa eta berdintasuna» sustatzeko beharra azpimarratu zuten, eta bizikidetzari dagokionez, alderdi politiko guztiek adostutako testu bat onartzearen beharra nabarmendu zuten.

Turismoaren eta gastronomiaren esparruan, «dagoena mantendu eta handitu» egin behar dela uste dute, eta , azkenik, gazte ekintzaileentzat emplegua sortzeko belaunaldien arteko foro bat sortzea proposatu zuten alderdiko kideek.

Urkullu eskualdean

Pasa den ostiralean, EAJko lehendakarigaia Iñigo Urkullu, Abaltzisketan eta Tolosan izan zen. Markel Olano eta Bakartxo Tejeriarekin batera, Tolosaldeko hainbat herri txikitako ordezkariekin elkartu zen, Abaltzisketan, beren beharrez aritzeko. Tolosan, berriz, Jokin Bildarratz alkate ohiarekin elkartu zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!