Sindikatuak irailaren 26ko grebarako deia egin du, krisiaren erantzuletzat gobernuak joz
«Inoiz ikusi dugun iruzurrik handienaren aurrean gaude»; halaxe nabarmendu dute, ELA eta LAB sindikatuetako zenbait ordezkarik, eta gizarte eragileek, greba orokorraren harira egindako agerraldian.
Besteak beste, krisi egoeraren erantzuletzat jo dituzte gobernuak: Madrilgoa, eta baita Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroakoa ere.
Hain zuzen ere , «Gasteizen eta Iruñean gobernatzen ari direnak» hizpide izan dituzte, beren ustez «beharrezko laguntzaile» baitira, «iruzur erraldoi honetarako». Gobernuek, bankuak onbidera eramateko erabilitako 100.000 milioi euroak «herritarrei ordainarazi» nahi dizkietela diote.
Egoera honi, Raxoiren gobernuak ezarritako neurri eta murrizketak gehitu dizkiote sindikatuko kideek: «Gure eskubide sozial eta laboralen lapurreta berri bat da: zerbitzuak murrizten dira eta langabeziako laguntzak kendu nahi dituzte, BEZa igotzen dute, sektore publikoa pribatizatu, osasungintzan berrordainketa ezarri, enplegua suntsitu, menpekotasuna duten pertsonak bertan behera utzi...». Hitz batean, boteretsuenek dirua pilatzen jarraitzeko neurriak direla azpimarratu dute sindikatuetako eta gizarte eragileetako kideek.
«Pobreziara kondenatuak»
Gazteak, emakumeak, pentsiodunak, etorkinak, ezintasuna duten pertsonak nahiz guraso bakarreko familiak aipatu dituzte, kolektiborik prekarizatuenak bezala; dena den, gizarte osoa «pobreziara basatiki kondenatzen» ari direla gaitzetsi dute.
Honen harira, sindikatu abertzaleak ez du sinesten bide posible bakarra hori denik: «Hau da aukeratu duten bidea, egiten ari direnaren jakitun eta kontziente izanda (...). Ekonomiatik kontrol politiko eta sozial oro ari dira ezabatzen».
Honi guztiari erantzuteko beharra azpimarratu dute sindikatuek eta gizarte eragileek, eta erantzun horrek «beste eredu bat» ekarriko duela diote: «Bada garaia Euskal Herrian beste eredu baten alde egiteko. Gizarte parte-hartzean oinarritutako eredua, eta ez banka eta multinazionalen agindutara dagoena».
Eredu honen alde egin, eta «Euskal Herriko instituzioek Madrildik inposatu nahi diguten diktadura ekonomikoaren aurrean planto egiteko», Euskal Herriak erantzun bat emateko deia egin dute beraz; sindikatuaren ustez, «bada garaia, hemen, murrizketa eta neurri antisozialak aplikatuko ez direla esateko, horrela eskatu baitu gehiengo sozialak mobilizazio eta greba askoren bidez».
Datorren irailaren 26ko greba orokorraren bidez ere, aldarrikapen berak egingo dituztela azaldu dute ordezkariek, honenbestez.
Azkenik, eskualdeko herritarrei dei egin diete, bihar, Donostiako Boulevardetik, 17:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.