Gorren Nazioarteko Eguna Tolosan ospatuko dute

tolosa 2012ko irailaren 20a

[/caption]

Gor Komunitatearen IX. Sentsibilizazio Astea aurkeztu dute, gaur, Tolosan. Gainditzen elkarteak antolatuta, hilaren 24tik 30era izango dira ekitaldiak. Julian Rodriguez, Alberto Etxeberria eta Alvaro Ortega izan dira azalpenak eman dituztenak.

Aurten, Tolosaldea-Goierriko Gorren Elkarteak bere 10. urteurrena ospatzen du, eta Euskal Gorrak federazioaren eta Fevapa Gorren Familien federazioaren laguntza izan dute Gorren Komunitatearen IX. Sentsibilizazio Astea antolatzeko. Gainera, aurten, Gorren Nazioarteko Eguna ere, Tolosan ospatuko dute. Hilaren 29an, larunbatean, izango da, eta egun osoko fest prestatu dute.

Irailaren 24tik 30era.

San Frantzisko pasealekuan erakusketa egongo da: Zurezko lan batzuk jarriko dituzte. Era berean, kultur etxeko balkoian oihal batzuk zintzilikatuko dituzte pertsona gorrei egokitzen zaizkien ohiko komunikazio mugak islatzeko.

Irailaren 28 eta 29an

Hainbat ikastetxeetako haurrek egindako marrazkien erakusketa egongo da, kultur etxean.

Irailak 25, 26 eta 27.

Gorren komunitateari eta gorrei buruzko hitzaldiak emango dituzte lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduak. Hilaren 26an, Tolosako Laskorain ikastolan eta hilaren 27an Ibarrako Uzturpe ikastolan izango dira. Julian Rodriguezek emango ditu.

Irailaren 29a, larunbata

GORREN NAZIOARTEKO EGUNA

10:00etatik 14:00etara. Pertsona gorren artisautza lanak egongo dira, Trianguloa plazan.

10:00etan. Zeinu-dantza eskola gorrentzat eta entzuleentzat, Tolosako Kultur Etxean.

10:30ean. Traineruan lagunarteko lehian Tolosan, Orian ibaian: Gainditzen, Euskal Gorrak eta Fevapas elkarteko kideak lehiatuko dira.

11:00etatik 13:00etara. Haurrentzako jolasak izango dira, Trianguloa plazan.

12:00etan. Manifestuaren irakurketa egingo dute, Tolosako Trianguloa plazan.

17:00etan. Leidor aretoan, Isiltasuna dantzan ikuskizuna eta Ainhoa Moiuaren emanaldia izango da. Zea Mays taldearen Negua joan da ta abestia zeinu bidez interpretatuko du.

18:00etan. Antzerki emanaldia izango da, Leidorren: Madrilgo El Grito antzerki taldeak Cinco horas con Mario (Bost ordu Mariorekin) obra antzeztuko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!