Bisitari kopurua iazkoa baino eskasagoa izan da; informazio gune bat gutxiago izateak eragina izan du horretan
Iazko udako oporraldian baino bisitari gehiagok hartu du ostatu aurten, Tolosaldeko landetxe nahiz hoteletan, eta Tolosaldea Tour bulegoko langileek nabarmendu dutenez, teknologia berriek eta internet bezalako tresnek krisiari aurre egiteko bideak ireki dizkiete ostalariei.
Landetxeei dagokienez, okupazioa %55,25ekoa izan da, bataz beste. Hoteletan, berriz, turista gehiagok hartu du ostatu, %75,96ko okupazioarekin.
Turismo bulegoetako datuei begiratuz gero, pentsa liteke krisiak eragin zuzena izan duela, bisitari kopurua %20 jaitsi baita. Tolosaldea Tour bulegoko Olatz Ilarregik, ordea, informazio gune bat gutxiagorekin aritu direla nabarmendu nahi izan du; aurten, Tolosako Trianguloa plazako etxetxoa ez dute jarri, eta beraz, Santa Maria plazako bulegoa eta Abaltzisketa-Larraitzeko informazioa gunea izan dira bisitarien eskura.
Ikusi, dastatu eta egin
2009. urtean zabaldu zutenez geroztik, Larraitzeko Txindokiko Itzala gunearen arrakasta haziz joan da. Horrela beraz, aurten, 2.530 bisitari pasa dira bertatik, uztailaren 23tik abuztuaren 23ra bitarte.
Gune honetan, batik bat, bisitari helduak eta haurrak nabarmentzen dira, familia giroan aukeratutako plana izaten baita Txindokiren magalekoa.
Tolosan, berriz, monumentu historikoez haratago, gastronomiaren inguruan bildu dira, aurten ere, bertaratutako bisitariak. Horrela beraz, Gorrotxategi Konfitegi Museoa bisita gidatuen bitartez soilik ikusi ahal izan da aurten, eta 1.005 pertsonek ikusi dute, uztaila eta abuztuan.
Martxan jarri berri dituzten turismo esperientziak, berriz, hil honen amaierara arte eskainiko dituzte.
Olatz Ilarregi.Tolosaldea Tourreko arduraduna
«Larunbateroko azoka erreferentziatzat dute turistek»
Turismo bulegoetako bisitari kopuruak behera egin duen arren, ostatuetako okupazioa igo egin dela nabarmendu du Ilarregik.
Datuez haratago, zein da zuen balantzea?
Bisitari kopurua %20 jaitsi da, baina aurten Trianguloa plazako informazio gunea ez da izan. Bulego bat gutxiagorekin, bisitariak ere gutxiago izaten ditugu. Baina balorazio orokorra positiboa da, turismo bulegotik pasatzen den bisitari kopurua termometro bat delako; ostatuen okupazioari begiratuz gero, iaztik hona hobetu egin dela ikus daiteke. Era berean, Larraitzen ere jende gehiago izan da aurtengo udan, iazkoan baino.
Bisitariek zer bilatzen dute eskualdean?
Batez ere, Gipuzkoako hiriburu zaharra eta eskualde-burua izan zen aldetik, Tolosa da ezagunena. Larunbateroko azoka erreferentziatzat dute turistek, eta beste edozein egunetan baino askoz ere bisita gehiago jasotzen ditugu larunbatetan. Era berean, ordea, inguruko herri txikietara ere joan nahi izaten dute, eta Larraitzera ere, esan bezala, jende asko etortzen da.
Zer nolako harrera izaten ari dira turismo esperientzia berriak?
Oraindik ez dugu balorazioa egin, uztaila amaieran jarri baikenituen martxan, eta hil honen amaieran bukatuko dira. Eskaintza nahiko berritzailea da, eta esaterako, sukaltalkako tailer batzuk egin ditugu; gipuzkoarrak nahiz kanpotarrak aritu ziren. Parte hartu zutenak oso pozik geratu ziren, baina egia da, publiko nahiko berezia dela. Orain, irailean, udan kanpoan izan den bertako jendea animatuko dela uste dugu. Ea hala den.