Tolosako Eskulturastea lehiaketaren lehen saria jaso du Manu Urangak (Zumaia, 1980) Estolda arteko lerroak izeneko lanarengatik. Bilbon du estudioa Urangak, eta, batez ere, eskulturak eta bideoak lantzen ditu. Lehiaketara aurkeztu duen lanak bi fase izango ditu. Alde batetik, herriko zenbait estoldari buruzko gida osatuko duen argitalpena, eta, bestetik, estoldak erabiliz osatuko duen eskultura.Urangak azaldu duenez, «oso tentagarria da espazio publikoetan esku hartze publikoak egitea, eta Tolosak eskultura publikoari buelta bat emateko gogoa zuela eta egungo beharrei erantzunez berritzeko asmoa zuela sumatzen nuen».
Tolosako Alde Zaharreko «kontzeptualki eta estetikoki interesgarrienak» liratekeen estoldak aukeratuko ditu Urangak: «Estolda horiek heraldika edo ezkutu antzeko batzuk dituzte, eta nolabait herriko memoria historikoa hurbiltzen dute, udalarekin edo herriko familiekin lotura dutelako». Ikerketa bat egingo du estolda horien inguruan eta idazle bati gonbita egingo dio herriko familiei buruzko istorioak osatzeko. Hortik argitalpen bat sortuko da, gida moduko bat, herriari bisita egiteko estoldak kontuan izanik .
Eskulturari dagokionez, estolden azpiko urbanizazio mapak hartuko ditu Urangak obrari itxura ematen laguntzeko: «Pieza bat izango da, baina oraindik ez dakit nolako forma izango duen». Estoldak hartuko ditu, ez daki oraindik kopuru zehatza, eta horiek manipulatu egingo ditu: «Beroaren eraginez urtu egingo ditut. Estoldan ageri diren sinboloak hein batean urtzen joango dira, eta estoldak beraiek ere moldatzen joango dira. Azken finean, asmoa da altzari urbanoaz jabetu beste eginkizun eta nahi batzuk bilatzeko, eta azkenean ‘sinbolo’ bilakatu dadin».
Lehiaketako lehen saria lortzeak «poztu» duela dio Urangak: «Niretzat pertsonalki proiektu interesgarri bat aurrera eramateko aukera da». Eskultura publikoa «erantzukizun» bat dela dio, «beste modu batera mugituko den obrekin alderatuz». Erronka bat ere badela esan du: «Norberaren obra beste ikuspuntu batetik begiratzera behartzen zaitu eta hori oso interesgarria da».
Eskulturaren kokapena begiratzen ari da Uranga: «Kokapenak asko baldintzatuko du eskulturak izango duen gorpuzkera. Oraindik ez dakit espazio publikoa kanpoan edo barruan izango den. Aipatzekoa da eskultura hitza erabiltzen dugunean bustu batean pentsatzen dugula orokorrean, baina ez du zertan horrela izan behar».
Kokapena ere udalarekin adostu behar dela zehaztu du Urangak: «Interesgarria da erakundearekin egiten den negoziaketa, eta nik uste dut oso irekiak daudela proposamenetara eta zentzuzkoak diren artistaren beharretara egokitzera. Aukeraketa zentzuduna izan behar du jartzen denarekiko».
Urangaren azken erakusketa, Planta izenekoa, Bilboko Arkitektoen Elkargoa egon da ikusgai. Bestalde, gogora ekarri du aurreko urtean lau artistek MLDJ plataforma osatu zutela, «egungo beharrei eta artista gisa ditugun beharrei erantzuteko. Alde batetik, gure eremu gertuena den Bilbori zerbait emateko eta, bestetik, gure lan propioa aurrera ateratzeko». Lokal bat alokatu zuten eta hainbat jarduera eman zituzten aurrera, «beti ere erantzukizun publiko batekin. Zailtasun handiak ditugu artistok gure lanak aurrera ateratzeko eta agertzeko, bitartekari asko daudelako».
«Arte berriari ireki»
Eskulturastea, Eskulturaren eta Esku Hartze Artistikoaren I. Sinposioa, irailaren 10etik 15era bitartean izango da. Ekinbide etxeak bultzatu du, udalaren laguntzarekin, eta mahai inguruak, hitzaldiak eta jardunaldi pedagogikoa izango dira. Bestalde, lehiaketako lehen sarituek beraien obra aste horretan zehar gauzatuko dute eta irailaren 15ean egingo da sari banaketa. Manu Urangak jaso du lehen saria, Daniel Merak bigarrena Ura lanarekin eta Elena Aitzkoak hirugarrena Harrikumeak obrarekin. Epaimahaiak bi accesit ematea erabaki du, aurkeztu diren obren kalitatea ikusita; Jon Otamendik RC Idiaquez lanarekin eta Miren Arenzana Love obrarekin jaso dituzte accesitak.
Guztira 44 lan aurkeztu dira lehiaketara. Epaimahaiaren buru Nestor Basterretxea aritu da eta kultura arloko beste hainbat pertsonek osatu dute: Nisa Goiburu, Charo Otegui, Asier Mendizabal, Jose Ramon Anda, Peio Agirre, Iñaki Epelde eta Pello Irazu. Erabakia hartu zen egunean, Ekinbide Etxetik sinposioa bultzatzen aritu diren kideak eta Ibai Iriarte alkatea ere tarteka izan ziren bileran. Nisa Goiburuk azaldu duenez, saritutako bost lanak «oso onak» iruditu zaizkie epaimahaiari. «Oso zaila izan zen hiru aukeratzea, bostak kalitate maila berdinean sartzen baitziren. Horregatik epaimahaiak erabaki zuen bi accesit ematea». Bigarren eta hirugarren saria jaso dutenak esku hartze artistikoa dira, beraz, iraupen gutxikoak izango dira eta denbora tarte batez egongo dira ikusgai.
Epaimahaian eztabaida izan da lehiaketarako nolako arte mota aukeratu behar zen erabakitzerakoan, baina azkenean arte joera berriei ateak ireki zaizkie . «Artista gazteei leku bat eman nahi zitzaien bere obrak erakusteko, arte berriari irekitzea zen asmoa», azaldu du Goiburuk. «Orain arte dagoeneko klasiko bihurtu den artea dago Tolosan: Nestor Basterretxea, Oteiza... Orain artea beste pauso bat ematen ari da».