Mundu osoko ipuin ospetsu eta ezagunenak gogora ekartzeko hamaika eszenatoki izango dira Euskal Herria plazan, gaur eta bihar, Topic zentroak antolatuta. Herrialde Katalanetako El Burro dels Jocs konpainiaren eskutik, Titellarium muntaketaz gozatu ahal izango dute haur eta gaztetxoek.
Txanogorritxo nahiz Ali Baba moduko pertsonaietan oinarrituta, fantasiazko mundu horietara helaraziko dituzte ikusleak, eszenografia eta antzerkiaren bitartez. Modu honetara, gaztetxoek egun batez txotxongilolari izateko aukera izango dute.
El Burro dels Jocs konpainiak, hamabi eszenografiaz osaturiko bi emanaldi egingo ditu, guxtienez, Euskal Herria plazan; 18:00etatik 21:00etara bitarte ariko dira, gaur eta bihar.
Familientzako jolasak nahiz kalean egitekoak antolatzen espezializatutako taldea da El Burro dels Jocs. 2006. urteko azaroan sortu zen, eta aurretik ere ikuskizunetan, aisialdian nahiz folklorearen munduan eskarmentu handia duen jendea dago taldekideen artean.
Jolasen bidea, hezkuntzarako garrantzitsuak diren hainbat balore helaraztea du helburu konpainiak, nabarmendu duenez: «Gure proposamenak gauzatzen ditugu, kulturaren balioa alboratu gabe, eta alderdirik ludikoenaren aldeko apustu garbia egiteaz gain, tradizioen, jakintzaren eta hezkuntzaren transmisioan laguntzen saiatzen gara, jolasa gure kulturaren funtsezko osagarria dela uste baitugu».
Taldeak jendeari tradizioak eta kulturak jai giroan eta jolasaren bitartez helaraztea helburu duen arren, beti ikuspuntu berritzaile bat mantentzen saiatzen direla diote: «Kalitatea eskaini nahi izaten dugu gure ikuskizunetan, eta baita errespetua ere. Izan ere, askotariko ikuslegoa izaten da haurrentzako eta familientzako kaleko ikuskizunetan».
El Burro dels Jocs taldeko kideek, ezinbestekotzat dute antolatzaileei nahiz parte hartzaileei ilusioa sortzea. Horrela beraz, lekuaren eta ikusle motaren arabera moldatzen dituzte antzezpenak Titellarium muntaketarekin: «Bertan sortzen diren harremanak ere oso garrantzitsuak dira».
Mundua miniaturan
Datorren abuztuaren 8an, bestalde, puzzleen bitartez miniaturazko munduak sortzeko tailerra izango da Topic eraikinean.
Stefanino de Angelis eta Marco Ieie-k eskainiko duten tailer honetan, kortxoak, alanbreak, sokak, tapoiak eta antzekoak,berrerabiliz, izaera desberdina duten sei hiri eraikiko dituzte parte hartzaileek. Amaieran, hiri erraldoi bat osatuko dute sei hiri txikiak elkartuta.
Behin hiria eraiki eta gero, honek osatuko duen instalazioan jolasa hasiko dute: antzezpen bat izango da, eta bertaratuek soinuak, argi isladak, itzalak, mugimenduak eta beste hainbat efektu erabiliz, antzezpen txiki bat sortuko dute.
Ingurumenaren eta naturaren inguruan hausnarketa txiki bat egiteko «aukera paregabea» dela nabarmendu dute Topic zentroko arduradunek. Era berean, gizakiak natura horren gainean egiten dituen eraikuntza artifizialen inguruan pentsaraztea ere helburuetako bat da.
Izan ere, Puzzle: mundua miniaturan tailerra, haur nahiz helduei begira antolaturikoa da.
Mugaturiko lekuak izango ditu berrerabilpenean oinarrituriko tailerrak, eta izen-emateak 20 euroko prezioa izango du. Abuztuaren 8an izango da Puzzle: mundua miniaturan tailerra, Topic zentroan, 16:00etatik 20:00etara bitarte.