Animaliekiko zaletasuna oso zabaldua dago eta gutxi izango dira zaldiak bezain erakargarriak. Zaldikide orain hamabi urte inguru hasi zen ikastaroak ematen Tolosako zezen plazan. Ikastaroak, batez ere, hasiberrientzako dira. Rakel Aranburu irakasle tolosarrak azaldu duenez, «ikastaro hauen asmoa zaldiak ezagutzea da eta hasiera batean egon daitekeen ikara hori kentzea».
Batez ere, haurrek parte hartzen dute ikastaroetan, eta zenbait maila daude, hau da, inoiz zaldi gainean ibili ez direnetik hasi eta dagoeneko zaldien munduarekin harreman dutenak arte. «Ikastaroa ez da bakarrik zaldi gainean jarri eta plazari itzuliak ematea», dio Aranburuk. «Aurretik zaldia prestatu behar da, garbitu, txukundu... Horrek ere zaldiarekin egoteko konfiantza ematen die». Bestalde, noizbait zaldiren bat izan nahi badute, modu horretara ikusten dute zer-nolako zaintza behar duten.
Zaldiaren gainera igotzen direnean ematen dien sentsazioa «erabat berezia» dela dio Aranburuk. «Zaldiaren gainean igotzen garenean, gure urduritasuna nabaritu egiten du berak. Lasai bazaude, zaldia normalean lasai dago. Urduri igotzen bagara, zaldia ere urduri jartzen da. Horregatik, hasieran egiten den zainketa lan hori zaldia eta zaldunaren arteko harremana sendotzeko egiten da», gaineratu du Aranburuk.
Behin zaldi gainean dagoela, ikasleari oinarrizko ezagutzak irakasten zaizkio: zaldia kontrolatu, trostan nola atera behar den, nola gelditu, ezkerrera eta eskuinera joateko egin beharreko mugimenduak, nola egin behar den indarra, zaldi gainean esertzeko modua... «Zaldiak bere mugimendua du, eta guk mugimendu horrekin bat egin behar dugu. Aparte bagoaz, beti zailagoa izaten da», dio Aranburuk. Eskarmentu handiagoa dutenekin, mugimendu konplexuagoak egiten dituzte zaldiekin, koreografia modukoak osatuz.
Guztira 30 ikasle inguru daude, beste urte batzuetan baino gutxiago. Launako taldeak egiten dituzte, horrela irakasleak hobeto egiten du jarraipena. Ez dago gutxieneko urterik ikastaroan parte hartzeko. «Agian zortzi urteko haur bat igotzen da zaldira eta hasiera batean blokeatu egiten da, eta sei urteko beste haur bat igo daiteke, askoz lasaiago, eta errazago hartu dezake zaldi gainean ibiltzeko trebetasuna», azaldu du Aranburuk. «Adin polita zortzi urtetik aurrera izan daiteke». Aranburuk gaineratu duenez, «ikusten dutenean emandako aginduei zaldiak kasu egiten dietela, orduan etortzen da betetasuna. Hasieran, ikasi arte, zenbait muga ere badituzte, haurrak izanik, ez dutelako indar handirik».
«Zaldia eta biok ados jartzea»
Tolosako zezen plaza horrelako ikastaroak emateko oso egokia dela dio Aranburuk: «Zaldiak ere urtero berdinak dira eta ohituta daude lekura eta ikastaroan egiten diren ariketetara». Zaldikidek Lasarten du zalditegia. Bertan ere urtean zehar ikastaroak ematen dituzte. Aranburu bera hasierako udako ikastaroetan izan zen, eta gero gehiago ikasi zuen Lasarten.
Urtean zehar Lasartera joaten den ikasleetako bat da Irati Etxaniz. Bosgarren urtea da udako ikastaroan parte hartzen duela, eta eskarmentu handiagoa duten beste lagunekin batera, hasiberriei zaldiari zaintzak egiten laguntzen die. «Animaliak asko gustatzen zaizkigu», dio Etxanizek eta garbi du zer atsegin duen gehien zaldiei dagokionez: «Zaldia eta biok ados jartzea, biok ondo ulertzea». Hori batzuetan oso zaila dela dio Etxanizek, baina Tolosako ikastaroetan dauden zaldiak lasaiak direla gaineratu du. Lasartera joaten direnean, mendira ere joaten direla azaldu du Etxanizek, eta hori «oso polita» izaten dela.