«Dena oso-oso ondo joan da; musikariek emanaldi bikainak eskaini dituzte eta jarrera benetan ona izan dute, ikusleak txundituta geratu dira eta harrera ezin hobea egin diete taldeei... eta gu ere oso gustura geratu gara. Balorazio oso positiboa egiten dugu», azaldu du Iñigo Martin, Tolosandblues jaialdiko antolatzaileak. Tolosako blues jaialdiak geroz eta sona handiagoa du, eta ez bakarrik ekartzen dituzten artistengatik, baita herritarren inplikazioarengatik ere, eta hori nabari da, urtetik urtera harrera onagoa izaten baitu jaialdiak.
Aurten, gainera, kontzertuak herriko gune gehiagotara zabaldu dira, eta eguerdietan ere izan da emanaldirik. "Jendeak ondo hartu ditu aldaketak, eta oso emanaldi onak ikusteko aukera izan dugu", azaldu du Martinek. Aurtengo izarra Velma Powell izan da, Bluesdays taldearekin eskaini zuen kontzertua larunbat gauean, plaza Berrian, eta emanaldi "bikaina" eskaini zuen. Joan Pau Cumellas eta Miguel Talaverak, beren aldetik, hiru emanaldi eskaini zituzten (larunbat eguerdian eta gauean, eta igande eguerdian) eta "denak txundituta utzi dituzte, Cumellasek aho soinua nola jotzen duen ikustea gozamena da", esan du Martinek.