Lysistrata obra, Kristo aurreko 411. urtean antzeztu zuten lehenengoz, Atenasen. Garaiko egoera sozial eta politikoa islatu zuen emakumeen aldeko satira hau, ostiral honetan ikusi ahal izango da, 20:30etik aurrera, Leidor aretoan, kultur etxeko antzerki taldearen eskutik .
Elena Aranbarrik zuzentzen duen antzerki taldeak, Aristofanesen jatorrizko obra moldatu egin behar izan du; batetik, taldeko kideen kopurua kontuan izan dute horretarako, eta era berean, adina eta sexua ere aintzat hartu dituzte.
Modu honetara, jatorrizko testua laburtu dute, bereziki agerraldi zehatz batzuetan. «Hitz batean, gaur egungo aktore nahiz ikusleentzat beharrezkoa zen leuntzea eman diogu obrari», azaldu du Aranbarrik.
Lysistrata obra ikasturte amaierako emanaldirako proposatzea erronka handia izan dela azaldu du antzerki eskolako arduradunak: «Tailerreko 24 kidek parte hartu dute egitasmoan, eta nabarmentzekoa da, hainbeste jendek elkarrekin lana eta ahalegina egiteko, norberak konpromiso handiagoa hartu behar duela. Hau dela eta, oso pozik nago oztopoak gainditu ditugulako, eta komedia honekin aurrera egitea lortu dugulako». Elena Aranbarrik, azkenik, antzerki tailerreko kideei eskerrak eman nahi izan dizkie: «Duten umoreagatik eta antzerki grinagatik eskerrak eman nahi dizkiet, bidean sortzen diren arazoak gainditzen laguntzen baitu honek». Horrela beraz, tolosar guztiak gonbidatu nahi izan ditu Lysistrata obra ikustera.
Emakumeen sinbolo
Kristo aurreko 411. urtean antzeztu zuten lehenengoz Lysistrata. Aristofanesek idatzi zuen, eta komediarantz bideratu zituen bere sormen lan gehientsuenak; gustukoa ez zuen hura publikoki kritikatzeko erabili zuen genero hau. Garai hartan, Atenasek 20 urte zeramatzan Espartarekin gerran, eta arte eta pentsamendu oparoko herria zen arren, ekonomikoki eta moralaren aldetik, zapaldutako herria zen: desagertutako gurasoak, emakumeak bakarrik etxean, gerran hildako semeak,... Era berean, alderdi politikoen arteko tentsioak ere nabarmenak ziren.
Honen aurrean, Aristofenesek satira bat idatzi zuen, eta barrea eraginez, herriko arazoez aritu zen, greziar komedia politikoari obra berri bat emanez. Lysistrata obrako pertsonaia baten izena da, eta herriko emakumeen bozeramalea da bera. Bakea beharrezkotzat dute eurek, eta hori lortzeko, greba bikoitza egiten dute: sexu eta familia greba. Halaber, Acropoliaren jabetza hartuko dute Atenasko emakumeek, politikariek bertako dirua eramatea galarazteko.
Aipatzekoa da, Lysistrata garaiko mugimendu baketsu nahiz feminista zenbait izendatzeko erabilia izan dela, eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan, sinbolo modukoa dela.