Objektuei bigarren aukera bat emango die Berrerabilgune berriak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 7a

Tolosako San Blas Garbigunean, Berrerabilgunea ireki berri dute. Bertan, jasotzen dituzten hainbat objekturi «bigarren aukera» eman nahi izan diete modu honetara, hiri-hondakinen prebentzioa bultzatuz.

Garbigunera eramaten diren hondakinak hainbat motatakoak dira, eta batez ere, gaikako bilketaren bidez jasotzen ez direnak joaten dira bertara; han, sailkatu eta hondakin motaren arabera birziklatu egiten dituzte.

Ireki berri duten Berrerabilgunean, ordea, Garbigunean jasotzen dituzten hainbat objektu, berrerabiltzera bideratuko dituzte, hondakinen prebentzioa sustatuz.

Horretarako, erakusleiho moduko bat jarri dute. Bertan, eskuragarri dauden objektuak ikusi ahal izango dira, bi taldetan sailkatuta. Kabina batean, altzariak, etxetresna elektriko handiak, bizikletak eta antzeko traste handiak izango dira ikusgai. Beste kabinan, berriz, objektu txikiagoa ikusi ahal izango dira: etxetresna elektriko txikiak, jostailuak, etxeko apaingarriak, eta abar.

Erakusleiho edo kabina hauetan, norberak bere objektuak utzi ahal izango ditu, baina Tolosaldeko Mankomunitateak argi utzi nahi izan du, egoera onean dauden objektu eta tresnak bakarrik sartuko dituztela Berrerabilgunean.

Erakusleihoko objektuak hartzeko, berriz, nolabaiteko baldintza batzuk jarri dituzte. Batetik, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako herritarra izan beharko da, eta adin txikikoek heldu batek lagunduta bertaratu beharko dute. Era berean, Berrerabilgunetik hartzen diren gauzak norberak erabiltzeko izan beharko dute; inoiz ezingo dira irabazi asmoko jardueretara bideratu. Azkenik, nabarmentzekoa da, ezin izango dela Berrerabilguneko objekturik erreserbatu, eta iriste-hurrenkera jarraituko dutela. Gainera, gehienez ere bi objektu hartzeko aukera izango da.

Sortzaileen konpromiso bila

Tolosaldeko Mankomunitatearen ekimen honek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, eta horren harira, Foru Aldundiko Ingurumen ahalduna den Juan Carlos Alduntzin ere aurkezpen agerraldian izan zen, atzo goizean. «Europa markatzen ari den ingurumenaren zaintzan, urrats bat gehiago da hau, eta estrategia eraginkorragoa martxan jartzen ari gara pixkana», nabarmendu zuen Alduntzinek. Bide beretik, hondakinen kudeaketa hondakin sortzaileen konpromisoan oinarritu beharraz aritu zen Ingurumen ahalduna: «Gipuzkoarrak gakoa dira, eta sortzaileak erantzule egin ondoren, kudeatu egin behar da hori». Horrela beraz, Tolosaldeko Mankomunitateko 28 herriak zoriondu zituen Alduntzinek, «pauso berri bat norabide egokian» emateagatik.

Ibai Iriarte Tolosako alkateak, bere aldetik, «zerbitzu berri hau erantzukizunez» erabiltzeko deia egin zien herritarrei, eta «hondakin hoberena sortzen ez dena» dela nabarmendu zuen, berrerabiltzearen garrantzia azpimarratuz. Bide beretik, Irurako alkatea eta Mankomunitateko lehendakaria den Ainhoa Ugaldek, eskerrak eman nahi izan zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiari, Berrerabilgunearen proiektua aurrera eramateko eskainitako laguntzagatik.

Berrerabilgunea

Ordutegia

Astelehenetik ostiralera.

09:00-12:30/16:00-19:00

Larunbata.

09:00-13:30

Igandeak eta jaiegunak.

Itxita

Abuztua.

Astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 13:30era

Informazio gehiagorako

Webgunea.

http://www.tolosaldea.org

Bezeroentzako arreta.

943 67 62 16

San Blas Garbigunea.

689 41 13 49

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!