Jose Manuel Ugarte, Enpresari eta kultur gizona
Jose Manuel Ugarte Oria (Tolosa, 1937), bere bizitzaren zatirik handiena jaioterritik kanpo eman arren, tolosarra dela nabarmendu du elkarrizketaren hasieran eta bukaeran. Parisen urte batzuk egin ondoren, Mexikon daramatza 46 urte. Lanean eta beste gauza asko egiten: Euskal Etxean, San Ignacio-Vizcainas eskolako patronatuan, txistua jotzen, irakurtzen, bidaiatzen, margotzen… «Hor dabilen tolosar bat naizela jar ezazu», esanez agurtu du hitza elkarrizketaren bukaeran.
Tolosarra, beraz.
Bai, Santa Maria plazakoa. Aita hiru urte izan arte ez nuen ezagutu, kanpora joan behar izan zuelako gerra urte haietan.
Zer gogoratzen duzu haurtzaroaz?
Ez nintzen gehiegi bizi Tolosan, txikitan, 11 urterekin, Lekarotzeko barnetegira bidali ninduelako aitak. Bihurria izango nintzen nonbait. Han egon nintzen sei urte t’erdi. Oporretan etortzen nintzen, baina Hondarribira joaten ginen uda pasatzera. Gero Zaragozara Zientzia Zehatzak ikastera joan nintzen, bi urte egin eta gero Donostiara itzuli nintzen. Perito karrera bukatu eta hurrengo egunean Parisera joan nintzen bizitzera, gaur egun nire emaztea dena hangoa zelako. 1960an atera nintzen Tolosatik bi alkandora eta ezer gutxi hartuta, 23 urterekin. Horregatik herriko jende asko bistaz ezagutzen dut, baina ez izenez.
Garai hartako zein oroitzapen duzu?
Orduko bizimodua desberdina zen. Ia ez ginen ateratzen. Bilbora joatea Ameriketara joatea bezala zen. Donostiara tarteka joaten ginen. Baina oso oroimen onak ditut Tolosaz. Leku interesgarria zen. Orain ere bai.
Kirol asko egin al duzu?
Txikitan denetatik egiten genuen: arraunean Javier Elosegi, Jose Antonio Jauregi, Pepe Antxon Lizarribar eta ni batelean ibili ginen, atletismoan, saskibaloian 18 urterekin edo eta gero, karrera egiten ari nintzela, Donostian Real Sociedadekin ere bai, entrenatzailea Gasca genuela. Kirol asko egin dugu. Astero mendira joaten ginen koadrilan. Bizikletan ere bai. Mexikon bizi nintzela bi aldiz egin dut Donejakue bidea. Pilotan, futbolean... denetatik egiten genuen gaztetan. Han Mexikon squasch egiten nuen. Orain gutxiago egiten dut.
Euskara ez duzu galdu hainbeste urtetan.
Orduan gutxi egiten zen kalean, debekatua zegoen. Trenean, Donostiara joaten ginenean «hablar cristiano» esaten ziguten euskaraz eginez gero. Arrebekin eta eginez mantendu dut. Etxean giro euskaltzalea genuen. Aita parrokiako Tolosa irratian aritzen zen eta etxean grabatzen genituen programa batzuk euskaraz, senideok musika tresna batzuk joz eta. Oargira asko joaten ginen orduan. Lagun batzuk hasieratik ETAn sartu ziren eta Iparraldera alde egin zuten, baina orduan ni Lekarotzen nengoen.
Zer egin zenuen 68ko maiatza baino lehenagoko Paris hartan?
Lehen urte parea oso gaizki pasatu nituen, etorkin moduan. De Gaulle zen lehendakaria eta frantsesak bakarrik hartzen zituen aintzat. Denetatik egin nuen lana, lehen lana igeltsero laguntzaile gisa. Frantsesik ez nekien, han ikasi nuen. Gero sartu nintzen fabrika batean ingeniari gisa eta urte t’erdi pasata Mexikon negozio bat ireki zuten eta hara joatea proposatu zidaten, proiektua nik neramalako eta gaztelania banekielako. Bi urteko hitzarmenarekin joan nintzen, 1966an, eta han jarraitzen dut.
Zein lanetan?
Azukre fabrika zen. Menpeko enpresa bat muntatu genuen eta urte asko egin nituen horretan. Gero eraikuntza industrialean hasi nintzen lanean, muntaketa industrialean. Galdaragintza tailer bat izan nuen, egitura metalikoena. Muntaketa konpainia bat, ingenieritzarena… Urteak pasata aspertu nintzen eta dena utzi eta enpresa txiki bat mantendu dut, ingeniari aholkularitzakoa, jolaserako. Gustatzen zait aldatzea, beharrezkoa da, posible baldin bada behintzat. Seme-alabarik ez dugu. Horregatik maleta hartu eta ijitoen moduan ibiltzen gara hara eta hona. Erraztasuna badugu. Orain sei hilabete hemen (Parisen eta Donostian) eta beste sei hilabete Mexikon pasatzen ditugu (negua eta uda). Erabat erretiratzen naizenean hona etorriko gara, Donostiara. Tolosara ez naiz joango, txikiegia da, itxia. Gurasoak bizi zirenean urtean bi aldiz edo etortzen ginen. Geroztik gutxiago. Nire lagunak ere kanpoan bizi izan dira urtetan.
Nolakoa zen joan zineneko Mexiko eta zertan aldatu da urte hauetan?
Mexiko oso polita da eta jendea oso erraza. Arazo handia izan da biztanleria igotzea. Joan nintzenean 6,5 milioi biztanle zituen DFk eta 45 herrialde osoak. Baserri lanetan aritzen ziren, hemen duela 100 urte bezala. Biztanleria igo eta arazoak sortu dira. Orain hiriburuak bakarrik 20 milioi biztanle ditu. Gizarte mailan orduan baino okerrago dago orain, gizarte desberdintasunak handiagoak dira, aberats eta behartsuen artean. Azken urteotan gainera narkotrafikoa sartu da eta dena izorratu du, hildako asko izan dira, bost urtetan 50.000 hilketa izan dira. Oso lasai bizi izan naiz orain arte, baina orain asko nahastu da. Bizimodu normala egin dut. Kontent nago. Lan asko egin dut, baina ondo bizitzen ere jakin dut.
Ondo bizitzearekin zer esan nahi duzu?
Zaletasunak jorratzea eta lanaz aparteko beste gauzak egitea. Musika gustatzen zait: Lekarotzen ikasi nuen txistua jotzen eta jarraitzen dut jotzen, pianoa dut nire etxe guztietan. Marrazkia ere asko gustatzen zait, aitari bezala, arte grafiko klase batzuk hartzen ditut orain ere... Asko irakurtzen dut, literatura baino gehiago ikasteko dena: gauza berriak, bidaiatzeko, zerbait gehixeago jakiteko. Teknologia berriekin gaizki nabil. Gure denboran gauzak logikaz egiten ziren, orain beste logika da, aparatuena. Umeek badakite, baina guretzat… Bidaiatu asko egin dut, Amerikan ia hiri guztietan egon naiz eta Europan ere bai. Gaztetan abenturazalea nintzen, 18 urterekin Europara joaten ginen auto-stopez. Gero horrelako asko izan dira, baina orduan gutxi ginen. Aukerarik ez zen orduan. Aitak beti esaten zidan joaten baldin banintzen ez itzultzeko etxera. Pekatua zen hori. Asko ikasten da horrela. Gazteentzat oso ona da. Orain aukera gehiago dago. Orduan dirurik ez zegoen. Klase partikularrak ematen nituen eta diru horrekin joaten nintzen kanpora.
Kultura mailan ere lan asko egin omen duzu.
XVIII. mendean euskaldunek bere alabentzat sortutako San Ignacio ikastetxean, Las Vizcainas bezala ezagunagoa, patronatuan izan naiz partaide 25 urtetan. Mila neska-mutil daude han, lehen eta bigarren hezkuntzan. Horren funtzionamenduaz eta zainketaz arduratzen da patronatua. Duela urte batzuk txistuko klaseak eman nituen bertan. Miguel Zeberio tolosarra ere eraman nuen abesbatza eta musika irakasle gisa. Eta Euskal Etxean ere mugitu izan naiz, batez ere, mendeurreneko ospakizunetan. Donostiako Udal Txistulari Banda, Jon Maia eta beste dantzari batzuk,Txotxongilo taldea, Euskal Filmategiko filmak… eraman genituen. Emaztea frantsesa da eta lan egin nuen konpainia ere bai, beraz, lehen urteetan gehiago frantsesez bizitu nintzen, baina gerora joan nintzen euskal giroan sartzen.
Euskaldun asko dago Mexikon.
Hiru belaunaldi joan ziren hemendik: gosea zegoelako joan zirenak (gure aitona eta bere senide guztiak Argentinara bezala), politiko jendea eta orain lanera doana. Oso talde desberdinak dira eta Euskal Etxean biltzen dira. Horregatik izan dira saltsa batzuk, desberdinak direlako. Orain joaten direnak lanera joaten dira eta Euskal Etxera ez dira asko joaten. Mexiko handia da eta edozein toki urruti dago.
Nola ikusten duzu Tolosa tarteka etortzen zarenean?
Beti berea izan da, oso berea, orijinala herri bezala, bizitza eta nortasun propioa duena. Inguruko herriek bere zerbitzuetatik bizi dira,Tolosan egiten dute bizia. Eta etorri den jendeak asmatu ditu gauza gehiago: abesbatzak, txotxongiloak, azokak… Jende orijinal asko izan da beti Tolosan. Askoz ere biziagoa da inguruko herriak baino. Beste gauza batzuk galdu egin dira, adibidez atletismoan oso ona zen, baina galdu egin da. Berazubik garrantzia bazuen.
Inauterizalea al zara?
Bai. Nola ibiltzen ginen! Behin vikingo bezala atera ginen, Oria ibaian barrika handi batzuekin egindako baltsa batekin. Apar izugarria egoten zen orduan, izotz zatiak ziruditen. Urte osoa inauterien zain egoten ginen. Geroztik izan naiz. Behin, duela urte gutxi, Deban bizi den arrebarekin, peluka jarrita saltoka, baina leher eginda bukatu nuen. Beste batean ikustera etorri nintzen, baina inauteriak ez dira ikusteko, bizitu behar dira, ez bazara sartzen ez da gustukoa.
Eta ekonomia aldetik, nola ikusten duzu?
Ez dakit nola dagoen Tolosa orain. Orduan garrantzitsua zen paperarengatik. Badakit paper fabrika gehienak itxita daudela. Txikiak ginenean bi maila zeuden gizartean: herri arrunta, % 90, eta jauntxo batzuk. Hori zen Tolosa. Besterik ez zegoen.
Kanpora ateratzeak zer eman dizu?
Esperientzia ona izan da, ireki egiten dizu mentalitatea. Oraingo jendea desberdina da, bizimodua da desberdina. Garrantzitsuena lana izatea zen gure garaian, orain ez, aisia da garrantzitsuena gazteentzat. Lan seguritatea ere bai, arriskurik hartu gabe. Lasai bizi nahi dute. Denbora libre izan oporretarako… Desberdina da, ez hobea edo okerragoa.
Paris ere ondo ezagutuko duzu.
Bai, ondo. Desberdina da hango bizimodua eta hemengoa. Hiria da Paris, hizki handiekin. Bizitzeko ez zait gustatzen, oso bakartia da eta harremanak zailak dira.
Euskal Herriko gatazka politikoa nola ikusten duzu?
Ondo ikusten dut. Politika gauzetan ez naiz gehiegi sartu, ez naiz era aktiboan ibili, urruti bizitu naizelako, baina ideia garbiak ditut: independentzia ez dugu sekula izango, baina pixkanaka gehiago lortzen badugu, gure bizimodua guk zaintzea eta erabakitzea, ez dago gaizki. Europa barruan gaude denak.
Eta gaur egungo krisia?
Ez dut ondo ulertzen Zapaterok, Sarkozyk eta horrenbeste diru eskatzea Europako Bankuari. Behar genuen baino maila baino altuagoan bizitu gara denok urtetan, zorpetuta: oporretara urrutira, zer obra egin dira, aireportuak… Dirua bota egin da alferrik. Gure errua da, ez besteena. Maileguak eta hipotekak erraz eskatu dira. Enpresa batean badakizu ezin duzula sartzen dena baino gehiago gastatu, bestela zulora zoazela. Familian eta herrian berdin. Amerikako Estatu Batuetakoa pixka bat desberdina da: zorra badute, baina dolarra oinarrizko txanpona egin dute, babestua. Beraiek dira nagusiak, nahi dutena egiten dute. Guk ezin dugu hori egin. Indarra haiek dute. Gaizki ikusten dut egoera, oraindik beheraka goaz, ez dugu buelta emango denboraldi batean. Euroa ez da desagertuko, baina hamar urte edo gehiago pasako dira buelta emateko. Orain harrapatuko duen belaunaldia belaunaldi galdua da. Denak kanpora joan beharra lanera oso txarra da, hurrengo belaunaldiak ez duelako jende hori izango laguntzeko. Zeruraino igo ginen bat-batean eta orain bere tokira bueltatuko beharko dugu, eta hori oso zaila da. Arazo sozialak izango ditugu, Grezian bezala.