Tolosak eta Donostiak elkarrekin defendatuko dute 2016ko Unimako biltzarra eta jaialdiaren egoitza izateko hautagaitza. Lau urtez behin egiten da txotxongiloaren arloko mundu mailako topagunea, eta aurtengoa Txinako Chengdu hirian egingo da. Hain justu, bertara joan da Tolosa-Donostia hautagaitzaren ordezkaritza, eta hilaren 31n jakingo da 2016koa non egingo den.
Hainbat erakundek elkarrekin defendatuko dute hautagaitza: Tolosako Udala (bere izenean Ibai Iriarte alkatea joan da), Topic zentroa (bere izenean Idoia Otegi zuzendarikidea joan da), Donostia 2016 egitasmoa, Eusko Jaurlaritza eta Etxepare Institutua. Joan aurretik hautagaitzaren aurkezpena egin zuten Tolosako Topic zentroan eta izendapena jasotzeko aukera handiak dituztela esan zuten. Guztiek ere horrelako biltzar eta jaialdi bat Tolosan eta Donostian egitearen garrantzia nabarmendu zuten. Izan ere, 2016ko Unimaren biltzarra eta jaialdia egiteko egoitzaren izendapena jasoz gero, bost kontinenteetatik etorritako 50tik gora talde jasotzea espero dute.
Txinan egingo duten hautagaitzaren aurkezpena berezia izango dela esan zuten, ezustekoak prestatu baitituzte. Bestalde, orain gutxi Topic museoak Silleto saria jaso izana goraipatu zuten eta horrek izendapena jasotzeko aukerak zabalduko dizkiela esan zuten. Tolosa-Donostiarekin batera izendapena lortzeko lehian Errusiako Ekaterimburgo hiria aurkeztuko da.
Tolosa-Donostiaren hautagaitzak hainbat proiektu aurkeztuko ditu, tartean Donostia 2016 egitasmoaren parte direnak. Besteak beste, Altzoko Handia txotxongiloen musika-ipuina eta Surfrider Foundation Europekin batera hondartzetan jasotako hondakinekin txotxongiloak egiteko proiektua. Azken proiektu horretan, sortutako txotxongiloekin emanaldi bat prestatu nahi dute, talde euskaldun baten eta talde poloniar baten artean, eta gero Donostian eta Wroclawen eman nahi dituzte, hau da, 2016an Europako kultur hiriburu izango diren bi hirietan.