Eguraldiaren aitzakiarik ez da izan 2012ko XIV Orduak egiteko. Parte hartzaileek eta antolakuntzak bat egin dute proba egiteko giro bikaina izan dela azpimarratzerakoan. Jon Ormazabal probaren koordinatzaileak azaldu duenez, «eguraldi aproposa egin du mendian ibiltzeko. Haize pixka bat izan da, eta goizean fresko eta tenperatura politarekin abiatu dira mendian ibiltzeko». Eguerdian pixka bat berotu duela esan du Ormazabalek, «baina ez da gehiegikeriarik izan, eta garai horretan Ata eta San Migel inguru horietatik ibili dira mendizaleak, eta hor basoguneak daude. Nik uste dut hobeagorik ez dagoela eskatzerik. Ohi bezala, Santa Klarara eraman ditugu arrautzak, eta dirudienez funtzionatu du». Ormazabalek gaineratu duenez, «balantze orokorra, baikorra da».
Ibilbidea nahiko ondo zegoela nabarmendu du Ormazabalek: «Leku ospeletan bazen lokatzik, baino guk espero genuena baina askoz ere gutxiago. Joan den ostiralean hego haizeko bero errea egin zuen eta horrek nahikoa lehortu du bidea». Horren froga izan da mendizaleak ez zirela asko zikindu.
Guztira 2.378 mendizalek eman zuten izena parte hartzeko, 1.925 gizonezko eta 453 emakumezko, baina, atzo, Berazubitik atera zirenak 2.209 izan ziren, horietatik 1.792 gizonezkoak eta 417 emakumezkoak. 20:30ak aldera 1.800 parte hartzaile iritsi ziren dagoeneko Berazubira. Azkeneko parte hartzailea 20:00ak inguru pasatu zen Amezketatik.
Orain lau urteko probarekin alderatuta ibiltari gutxiagok parte hartu dute. Hausnarketa egin behar dutela garbi dute antolakuntzakoek. «Ez dakigu zehazki zergatik izango den, eta inoiz jakingo dugun ere ez dakigu», esan du Ormazabalek. «Gure burutazioak baditugu. Gure proba garestia da besteen ondoan, eta gaurko egunean mendi martxak nonahi daude, eta hori ere kontuan hartzekoa da». Lau urtez behin egiten bada ere, XIV Orduak bezain luzeak ziren proba gutxi daude, eta horrek ere jendea erakartzen du.
Adinari dagokionez, Ormazabalek azaldu duenez, azken aldietan 14 eta 16 urte bitarteko gero eta parte hartzaile gutxiago daude: «Lehen, adin horretan, XIV Orduak erronka moduko bat zen. Koadrilan ateratzen ziren adin horretako gazteak, eta hori egun asko murriztu da».
Esker onak eta kexak jaso dituztela dio probaren koordinatzaileak: «Beti bezala, denetatik izaten da. Jendea badago oso konforme dagoena eta zoriontzen gaituena, eta beste batzuk, berriz, batik bat jakien aldetik, eskasa izan dela esan digute». Anoa guneetako jaki kopuruen aldetik, kalkuluetan akatsen bat izan dutela dio Ormazabalek, eta hori aztertu egin behar dutela. «Orain dela lau urte Lekunberrira eraman genituen laranja kopuru berdina eraman dugu. Orduan 80 kilo sobratu ziren, eta aurten ez dira iritsi, azkenekoak gabe geratu dira».
Ormazabalek gaineratu duenez, «mendizaletasun tradizionalago batera itzuli nahian, txokolatea eta fruitu lehorrak kendu egin ditugu, eta parte hartzaileek esan diegu bakoitzak bereak eramateko. Dirudienez, gauza bat ez zegoenez, bestetik gehiago hartu da, eta laranja kontsumo handiagoa egotea eragin du». Bestalde, orain lau urteko eguraldia ez zela berdina izan gogorarazi du koordinatzaileak: «Gaur gehiago eskatzen zuen likidoa hartzea eta fruitua jatea. Hainbeste aldagai ditugu proban zehar, ez dela erraza asmatzea».
«Ezer larririk ez»
Iñigo Zabaleta Gurutze Gorriko koordinatzaileak azaldu duenez, «ez da ezer larririk gertatu». 21:00etarako, 395 osasun laguntza eman dituzte. Horietatik gehienak giharren kontrakturak izan dira, zehazki 190, eta babak, guztira 112. Bestalde 29 mendizale artatu dituzte oinak gehiegi berotuta izateagatik. Kasu larriagoei dagokienez, orkatila bihurritu duten zazpi mendizale artatu dituzte eta zortzi izan dira lipotimiak jasan dituztenak. Hipogluzemia izan dutenak, berriz, bi mendizale izan dira. Bestalde, parte hartzaile bat Minetako egurrezko zubitik Berazubira jaitsi dute Gurutze Gorrikoek. «Giharrak gogortuta zituen eta ezin zuen oinez ibili», esan du Zabaletak.
Mendizaleak ondo prestatzen direla dio Gurutze Gorriko koordinatzaileak. «Tolosatik Amezketara bidea egin dut, eta mendizaleak orokorrean ondo ikusi ditut», esan du. Guztira 3 sendagile, 6 erizain eta 44 osasun tekniko aritu dira osasun zerbitzua ematen XIV Orduetan. Horretarako lau noranahiko ibilgailu, bi anbulantzia eta garraiorako bi ibilgailu erabili dituzte.