Hainbat eragilek Nafar Estatua Gogoan ekimena antolatu dute Tolosan eta, bihar, ekimenari amaiera emango diote Nafarroa Eguna ospatuz herrian. Bestalde, Villabonako Aritza kultur taldeak bultzatuta, Ausa Gaztelu Eguna ospatuko dute igandean, Larraitzen zein Ausa Gaztelun bertan.
Tolosan egun osoko egitaraua izango dute. Goizean, gaiteroen eta musika bandaren dianek herriko kaleak girotuko dituzte. Ondoren, Baztango Udalari eta Amaiurko herriari harrera egingo diote udaletxean, eta ondoren buruhandiak, erraldoiak, musika banda, dantzariak eta udal ordezkariak Nafarroa etorbideko haurren parkera abiatuko dira. Han, parkeari Amaiur izena jarriko diote eta bertan jarritako monumentua inauguratuko dute. Ondoren, giroa Alde Zaharrera itzuliko da. Herri bazkaria egingo da Zerkasian, eta gauean musika talde baztandarrak izango dira Plaza Berrian.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Tolosako dultzaineroek, musika bandak eta erraldoiek bals berezi bat prestatu dute, hain zuzen ere, Nicolas Garciaren Valiente balsa. Musika aldetik, instrumentu guztiak uztartu eta moldaketak egiteko lana dultzaineroek beraiek eta Enrike Arostegi bandako zuzendariak egin dute, eta doinua bateratu ostean erraldoiekin egin dituzte entseguak biharko.
Ausa Gaztelu Egunari dagokionez, igandean Txindoki ondoko mendira igoko dira, bertan dagoen gaztelu nafarraren aztarnetan ekitaldia egiteko. Bien bitartean, Larraitzen festa egingo dute eta nafar-gunea prestatuta izango dute. Menditik datozenei ongi etorria egin ondoren, bazkaria egingo dute.
Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, «gaur egun, Ausa gure herriaren oroimen lekua da: gure iraganaren eszenatokia, gure historiaren gakoak oroitu, mantendu eta hedatzea ahalbidetzen duena». Ausan «Nafarroa izan ginenaren froga» aurkitzen dela diote, «Gaztelaren gerra eta indarkeriaren ondorioz galdu genuen Estatu baskoi subiranoa. Hauek ziren gure lurrak, gure gazteluak, gure historia, gure presentzia mundu zabalean».